Txiki eta Otaegi oroitzeko ekitaldia egingo dute Lizartzan

Ataria 2021ko ira. 23a, 07:58

Sortuk deituta manifestazioa egingo dute Lizartzan irailaren 27an, Euskal Herria bihotzean, independentzia! lelopean. Alderdiak esan du ekitaldia urtero errepikatzeko asmoa dutela.

1975eko irailaren 27an Juan Paredes Txiki, Angel Otaegi eta FRAPeko Jose Luis Sanchez, Jose Humberto Baena eta Ramon Garcia Sanz militanteak fusilatu zituzten. Data berezia da eta Sortuk Txiki eta Otaegi oroitzeko ekitaldia eta manifestazioa egingo ditu. Lizartzan egin du hitzordua; 19:00etan manifestazioa egingo dute eta 19:30ean ekitaldia plazan. "Beste hainbat burkidek bezalaxe, Juanek eta Anjelek beren bizitzarekin ordaindu zuten Euskal Herria askatzeko eginiko ahalegina. Horri lotuta, pauso garrantzitsu bat emateko apustua egin du Sortuk, egun seinalatu hau gogora ekartzeko ekitaldi irekia antolatu baitugu", esan du.

 

Alderdiak esan du kezka handiz ikusten ari dela nola interes politiko zehatzen arabera memoria eta errelato alorrean "ikuspegi manipulatu eta desitxuratua" ezarri nahi den. "Azkenaldian, nabarmenena beharbada, diru publikoz finantzatutako Gasteizko Melitoniumaren kasua dugu: Manzanas torturatzaile faxistari gorazarre egiten dioten bitartean, herri honen alde jardun duten hainbat biktima bazterrean uzten dituzten bitartean".

 

Sortuk esan du bere konpromisoa "pertsona guztiak, eskubide guztiak, memoria guztiak" dela eta beraz, sufrimendu  guztien oroimena aldarrikatzen duela, "batzuena zein besteena, inor bazterrean utzi gabe, soilik modu horretan eraiki baitaiteke herri honek hain beharrezko duen memoria partekatua eta elkarbizitza".

 

Irailaren 27ari lotutako ekitaldia urtero egiteko asmoa du, bere ustez aurrera egiteko oroitzea ezinbestekoa delako, "nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakitea ere funtsezkoa zaigulako; herri honek behar-beharrezkoa duen elkarbizitza eraikitzen jarraitu nahi dugulako. Aurtengo zitarako hautatu dugun leloa Euskal Herria bihotzean, independentzia! da. Gure herriarekiko maitasunak ezinbesteko sugarra izaten segitzen duelako askapen borrokan aurrera egiteko. Eta independentzia, noski, Euskal Herriaren etorkizuna ezinbestean, hortik pasatzen delako eta horrek jarraitzen duelako izaten gure eskaintza euskal jendarteari".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!