Mendiz Mendi Etxera, presoei babesa adierazteko

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 9a, 19:59

Irailaren 18an egingo da mendi ibilaldia Lizartzako mendietan; aurten ere lau ibilbide prestatu dituzte eta eramateko bazkaria jarriko dute mendizaleentzat.

Zazpigarrenez antolatu dute Mendiz Mendi Etxera mendi ibilaldia lizartzarrek. Iraileko hirugarren asteburuan egin ohi dute, eta aurten ere data hori baliatuko dute mendi buelta egiteko; irailaren 18an izango da. Dagoeneko izen ematea zabaldik dago Kirolprobak.com webgunean, eta gaur eta bihar Lizartzako plazan ere eman ahalko da izena, 20:00etatik aurrera.

Iaz beste modu batera antolatu zuten arren, aurten aurreko edizioetako formatura itzuli dira eta lau ibilbide prestatu dituzte. Nagore Esnaola antolatzaileak azaldu duenez, "beharrezko neurriak hartuz, betiko moduan egin zitekeela ikusi dugu, eta berriro lau mendi martxak egitea erabaki dugu". Izan ere, egoerak behartuta, bakoitzak gogoko zuen mendira egin zuen ibilaldia iaz, eta tontorretatik argazkiak bidali zituzten, elkartasun modura, ondoren bideo batean jasotzeko.

Aurten, ordea, irailaren 18an, markatutako ibilbideetan parte hartuko dute mendian ibiltzea gustuko dutenek. 3, 10, 18 eta 35 kilometrotako ibilbideak dira, publiko guztiari zabalduta. Bidean zehar anoa guneak jarriko dituzte jan-edanarekin. Ibilaldi luzeena egiten dutenak 07:00etan aterako dira; ertainekoak, 18 kilometrokoak, 08:00etan; 10 kilometro egingo dituztenak 09:30ean, eta azkenik, familia giroan egingo dutenak, 3 kilometrokoak, 10:30ean. Guztiak herriko plazatik. Betiko moduan, txartel bana izango du parte hartzaile bakoitzak eta bidean zigilatu egingo zaie.

Iazko edizioan ezin izan zuten bazkaririk eman, baina aurtengorako badute irtenbidea: paella egingo dute, baina eramateko. Esnaolak azaldu duenez, gastuak berdinak izaten jarraitzen dute, eta izen ematearen tarifa jaitsi beharrean, eramateko bazkaria prestatzea erabaki dute. "Eguneko segurua ordaintzen da, anbulantzia ekartzen dugu, opariak eskatuak ditugu, janaria erosi ohi dugu eta gastuak berdin-berdin dauzkagu; prezioa jaitsita ez zitzaigun errentagarri aterako", zehaztu du antolatzaileak. Beraz, mendizaleak menditik etortzen direnean, txartela erakutsi eta paella emango diete trukean. Poltsak eta kartoizko tuperrak prest dituzte janaria banatzeko. Hori bai, Esnaolak jakinarazi du mahai eta aulkirik ez dutela jarriko bazkarirako eta norbait bertan geratzen bada, antolakuntza ez dela gertatu daitekeenaz kargu egingo.

Izena emateko epea irailaren 17an amaituko da 12:30ean. Eta bestela, Lizartzan bertan, plazan, mahai bat jarriko dute bihar eta datorren astearte eta ostegunean, 20:00etatik aurrera.

Presoei babesa

Hiru dira preso jarraitzen duten lizartzarrak, Aitor Agirrebarrena, Gari Etxeberria eta Jon otegi, eta Esnaolak gogorarazi duenez, nahiz eta gertuago dauden espetxeetara lekualdatu, "oraindik preso jarraitzen dute".

"Egoera berezi honen aurrean elkartasun uholdea izan dadila beste urteetan modukoa eta geure pausoek ekar dezatela gure senide eta lagunen etxeratzea", gehitu du.

Ibilbideak

  • 35 kilometroko ibilbidea. 2 .200 metroko bataz besteko goranzko malda. Irteera 07:00etan, plazan. 16 urtetik gorakoentzat. Prezioa: 21 euro.
  • 18 kilometroko ibilbidea. 100 metroko bataz besteko goranzko malda. Irteera 08:00etan, plazan. 12 urtetik gorakoentzat. Prezioa: 16 euro.
  • 10 kilometroko ibilbidea. Irteera 09:30ean, plazan. 8 urtetik gorakoentzat. Prezioa: 16 urtetik gorakoek 12 euro eta besteek 8 euro.
  • 3 kilometroko ibilbidea. Familia giroan egitekoa. Irteera 10:30ean, plazan. Adin mugarik ez dago. 4 eta 14 urte artekoek 6 euro eta hortik gorakoek 12 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!