Kultur eta kirol programazioa antolatu dute Lizartzan

Leyre Carrasco 2021ko abu. 26a, 11:19

Irailaren 3tik 26ra bitartean izango dira Udalak antolatutako ekitaldi guztiak, eta horietan parte hartu ahal izateko udaletxean izena ematea beharrezkoa izango da.

Udara agurtuz, Lizartzako Udalak irailerako kultur eta kirol eskaintza zabala prestatu du. Irailaren 3tik 26ra bitartean hainbat ekitaldiez gozatzeko aukera izango da herrian, eta helduentzat nahiz gazteentzat zuzendutako ekitaldiak izango dira.

Andoni Ollokiegi kantari, musikagile eta konposatzaileak eskainiko du beste urte batez kontzertua Lizartzan. Gainera, berak emango dio hasiera programazioari irailaren 3an, 19:30etan.

Irailaren 4an, berriz, bertso saioa izango da 19:30tan. Bertsotan ariko dira Alaia Martin, Andoni Egaña, Igor Elortza eta Maialen Lujanbio, eta gai jartzaile lanetan arituko da Amaia Agirre.

Goizetik arituko dira irailak 5ean dantzan. Izan ere, soka dantza izango da 12:00etan, eta ondoren, herriko Otsolar dantza taldeak emanaldia eskainiko du 12:30etan.

Irailak 7an, Lizardi txistulari taldearekin batera kalejira egingo da Ermitatik abiatuta.

Irailaren 8an, 9:30etan Lizardi txistulari taldeak diana joko du, eta arratsaldeko 17:00etan berriz, haurrentzako jolasak antolatuko dira.

Irailaren 12an, Koldo Arakistain Irazusta zarauztarrak eta Irati Gonzalez Jaimerena irundarrak osatzen duten Berdinki zirku garaikide konpainiak Mikra ikuskizuna eskainiko dute 18:30etan. Ikuskizunean zirku diziplina ezberdinen bidez berdintasunaren inguruan dituzten gogoeta eta kritikak plazaratuko dituzte genero estereotipo eta botere harremanen inguruko topikoak azaleratuaz eta gai horien inguruan gizartean hedatuta dagoen iruditegia eraldatzeko asmoz.

Mariatxi doinuak eta abestiak ere izango dira tartean. Hain zuzen, irailaren 19an, Puro Relajo taldeak kontzertua eskainiko du 19:00etan.

Azkenik, irailaren 26an, 11:00etatik 13:00etara Lizartzako inguruko mendiak ekitaldia izango da Otsabio Kirol Elkartearen eskutik. Hain zuzen, Otsabiok jarritako hamar mendien erronka egitea lortu dutenen sari banaketa izango da lehenik, eta horren ostean, 13:00etan hasita Xubane Uribarrena arraunlariari omenaldia egingo diote.

Ekitaldi guztietan parte hartu ahal izateko beharrezkoa izango da udaletxean izena ematea 943 67 07 00 telefonora deituta. Lehentasuna izango dute lehenik Lizartzan erroldatutakoak, herrian bertan jaiotakoak eta ondoren, gainerakoak. Egunean bertan ekitaldi batean lekua geratuz gero, sartzeko aukera izango da izena eman duten guztiak eseri ondoren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!