Aurtengoan bai

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 5a, 16:23

Lizartzako Erromeria Egunean emanaldia eskaini du herriko Otsolar dantza taldeak. Iaz ez zen ospatu Erromeria Egunik, eta aurtengoan, beste formatu batean bada ere, egitea erabaki dute.

Gustura azaldu da Malentxo Arrospide, Otsalar dantza taldeko kidea: "Aurten, behintzat, zerbait egin dugu. Talde txikitan entseguak egiten aritu gara, eta ikasturte amaierako lana nolabait azaldu nahi genuen, eta saiakera egin dugu eta ondo atera da. Neurriak hartuta, gauzak egin daitezke, eta ezin gara gelditu ezkutatuta. Gure kultura, gure ohiturak eta gure festak aurrera atera behar dira nola edo hala, eta horregatik animatu gara".

Dantza emanaldia plazan egin nahi zuten, baina agian euria egingo zuelakoan, azkenean frontoian izan da saioa. 40 dantzari inguruk parte hartu dute emanaldian, 3 urtetatik hasita 35 urte bitarte. "Ekitaldiarekin gustura geratu gara. Ikusi da taldean daudenak gogotsu eta indarrarekin daudela", esan du Arrospidek. Arratsaldean beste emanaldi bat izango da, 19:00etan hasita, Iñaki Dieguez Akustik Trio taldearena, eta hori plazan izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!