Herri lanetarako langile bat kontratatuko du Lizartzako Udalak

Ataria 2021eko maiatzaren 27a

Sei hilabeterako kontratua izango du hautatua izango denak; izena emateko epea ekainaren 4an amaituko da.

Lizartzako Udalak herriko lanetarako langile bat kontratatuko du sei hilabeterako. Astelehenetik ostiralera izango dira lanegunak eta lehen hilabetea probaldia izango da. Hautagaiek ekainaren 4ko 13:00ak baino lehen eraman beharko dute curriculuma udaletxera.

Izena emateko ezinbestekoa izango da euskara jakitea eta gidatzeko baimena izatea. Horrekin batera, zerga betebeharrak egunean dituela ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko da eta legezko ezgaitasun edo bateraezintasun kasuren batean ez egotea eskatuko da. Era berean, hautaketa prozesuan, Lizartzan erroldatuta egotea baloratuko da, eta baita igeltserotza, elektrizitatea eta iturgintzan esperientzia eta jakintza izatea ere. Lanposturako beharrezkoa diren tresna edo makineriak erabiltzen jakitea ere baloratuko dute.

Esperientzia baloratu ahal izateko, lanpostuaren berezko eginkizunekin zerikusia duten kasu praktiko batzuk eskatu ahalko ditu udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!