Herriarentzat osasuna

Irati Saizar Artola 2021ko mai. 12a, 07:59

Azken urtean kultur jarduera mordoxka antolatu ditu Kalamatrike euskara eta kultura taldeak; maiatzean zehar zaintza astea ari dira ospatzen, eta hitzaldi eta tailerrak prestatu dituzte asteburuetarako.

Lizartzan zaintza hilabetea ari dira ospatzen maiatzean zehar. Pasa den asteburuan, Alaitz Aizpurua eta Emeren Gelbentzu psikologoek Zein estrategia psikologiko ditugu COVID-19aren aurrean? hitzaldia eskaini zuten, eta datozen asteburuetarako ere hitzaldi eta tailer bana antolatu dituzte. Larunbatean, oinarrizko lehen sorospenaren inguruko hitzaldia entzuteko aukera izango da, 11:00etan kulturgunean, eta bost euro ordaindu beharko dira. Maiatzaren 22an eta 29an, sendabelarren erabilpen ezberdinak ikasteko saioak egingo dituzte, kulturgunean hauek ere. Kasu honetan, 20 euroko kostua izango du ikastaroak.

Zaintza hilabete hori Kalamatrike euskara eta kultura elkarteak antolatu du, Lizartzako Udalaren laguntzarekin. Azken aldian, hamaika ekitaldi antolatu dituen taldea da Kalamatrike, eta Lizartzako kultur agendari begira ari dira lan egiten azken urte honetan. Aurrez, bazen euskara talde bat herrian eta Euskaraldiaren lehen ediziorako hasi ziren elkartzen. Bestelako ekimenak antolatzen hasteko gogoa zegoela ikusita taldetxo bat elkartu zela kontatu dute Kalamatrikeko kide diren Maitane Lopetegi eta Itziar Saenz de Ojerrek.

Taldeak lehen jarduerak martxoaren 8rako prestatu zuen eta jarraian iritsi zitzaien konfinamendua. Hala ere, besoak gurutzatuta geratu ordez, egitasmo ezberdinak eraman zituzten aurrera, bideo bidez egin zitezkeenak gehienak. "Herritar askok hartu zuten parte bideoak grabatzen, gero, herrian daukagun whatsapp taldean zabaldu genituen, eta itxialdian geundenez, nolabait jendearekin egoteko modu bat aurkitu genuen", azaldu du Saenz de Ojerrek.

Konfinamendua amaitzearekin batera hasi ziren igande eguerdietan kafe bat hartuz bilerak egiten. "Oso indartsu eta gogo handiarekin ekitaldi ezberdinak antolatzen hasi ginen, eta konturatu ginen jendeak erantzun egiten zuela, bazegoela behar bat", dio Lopetegik. "Jendea oso aktibo dago herrian", gehitu du Saenz de Ojerrek. Mota askotako jarduerak eta egitasmoak antolatu dituzte, adin tarte guztiei bideratuta, gainera.

"Inoiz baino gehiago behar ditugu kultur ekitaldiak orain, eta demostratuta geratu da posible dela; horregatik jarraitzen dugu lanean, jendeak eskertu egiten duelako egiten ari garen lana", esan du Lopetegik.

Hutsuneren bat

Orain arteko ekitaldiekin parte hartze «altua» izan dela azaldu dute, hala ere, gazteen eta gizonezkoen falta sumatzen dute: "16 urtetik 35 urtera arteko jende gutxiagok hartzen du parte antolatzen ditugun jardueretan, eta bestetik, gehiengoa emakumeak gara". Kalamatrike taldean ere gehiengoa emakumeak direla azaldu dute, zazpi dira guztira, eta bakarra da gizonezkoa. Taldean helduren baten presentzia ere gustura hartuko luketela diote, "beste ikuspegi bat ere izateko". Gerturatu nahi duen ororentzat besoak zabalik dituztela argi utzi dute.

Ikuspegi baikorra

Hainbat lekutan pandemiagatik kultur egitarauak bertan behera geratu dira, baina Kalamatrikek alde positiboari begiratu dio, eta posible dela erakutsi dute. "Egoera honek bakoitzari beldur batzuk piztu dizkigu, agian, batzuei kutsatzearen beldurra gailendu zaie, baina, beste batzuoi ez sozializatzeak beldur gehiago eman digu", esan du Saenz de Ojerrek. Taldean argi izan dute "neurriak hartuz, bizipoza eskaintzeko eta sozializatzeko aukera" eskaintzeko gai zirela. Lopetegik gehitu du hori "osasuna" ere badela, "osasuna ematen diozu jendeari, ongizatea sustatzen duzu".

Ekitaldiak antolatzerako garaian, udala aldamenean izan dutela argitu dute. Gastu ekonomikoak udalak ordaintzen ditu, eta beharrezkoa duten jardueretan, kuota bat ordaindu behar izaten du parte hartzaileak. "Iruditzen zaigu, poliki-poliki, jendeak kultur ekitaldiak ordaintzearen ohitura hartu behar duela", dio Saenz de Ojerrek.

Udalak bestelako hainbat alorretan ere laguntzen die: izen emateak jasotzen eta kartelak egiten, besteak beste. "Elkarlanean ari gara", gehitu dute. Zimitorioa eta eliza bera ere erabili izan dute behin baino gehiagotan jarduerak egiteko, eta haiekin ere harremanetan daudela kontatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!