Zaintzari begirako hilabetea prestatu dute Lizartzan

Ataria 2021eko maiatzaren 3a

Maiatzeko asteburuetarako hitzordu ezberdinak prestatu dituzte Lizartzako Udalak eta Kalamatrike taldeak. Lehen parada, larunbat honetan egingo dute: Zein estrategia psikologiko ditugu COVID19aren aurrean? hitzaldia, hain zuzen.

Maiatzerako egitarau bat osatu dute Lizartzako Udalak eta Kalamatrike taldeak. Zaintza hilabetea deitu diote, zaintzari buruzko hitzaldi zein tailerrak prestatu baitituzte.

Egitaraua:

  • Maiatzak 8, hitzaldia: Zein estrategia psikologiko ditugu COVID19aren aurrean?. Alaitz Aizpurua eta Emeren Gelbentzu psikologoen eskutik. 12:00etan, udal aretoan, doan.
  • Maiatzak 15, hitzaldia: Oinarrizko lehen sorospen hitzaldia. 12 urtetik aurrerakoentzat. 11:00etatik 13:00etara, kulturgunean. 5 euroko kostua izango du.
  • Maiatzak 22 eta 29, tailerra: Sendabelarren erabilpen ezberdinak. 16 urtetik aurrerakoentzat. Saioak kulturgunean izango dira eta 20 euroko kostua izango dute.

Ekitaldi guztietan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da: goizez udaletxean, telefonoz zein Whatsapp bidez (673 905 685) eta arratsaldez liburutegian (943 69 7656). Ekitaldi egunean bertan lekuren bat libre geratuz gero, momentuan bertan sartzeko aukera egongo da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!