"Herri batek ez badu bere jatorria ezagutzen, sustrairik gabeko zuhaitza da"

Leyre Carrasco 2021eko apirilaren 18a

Fernando Rojo geografiako eta historiako irakasleak atzo eskaini zuen Euskal Herriaren historiako lehen ikastaroa, eta hurrengo saioa apirilaren 24ean izango da.

“Herri batek bere jatorria, historia eta hizkuntza ez baditu ezagutzen, sustrairik gabeko zuhaitza da”. Marcous Garvey kazetariak esandako esaldiarekin eman zion hasiera atzo Euskal Herriaren historia ikastaroaren lehen saioari Fernando Rojo, geografiako eta historiako irakasleak. “Euskaldunon historia zabaltzea” du asmoa, eta horretarako, Euskal Herriko hito garrantzitsuenen inguruan jardungo da ikastaroan zehar. Hala nola, Baskoniako Dukerria, Orreagako gudua eta Foruak, besteak beste.

Lizartzako Kalamatrike taldeak antolatuta, bere bidaietan oinarritutako argazki-erakusketarekin hasi eta Euskal Herriaren historia ikastaroa antolatzen bukatu zuen Rojok. Izan ere, jendeak interesa zuela ikusi ez ezik, euskaldunon artean “gabezia” dagoela ere ohartu zen: “Munduko herrialde guztiek bere historia zaindu egiten dute, baina euskaldunok ez”. Horregatik, “nongo historia” kontatu baino gehiago, “noren historia” azaltzeari ekin zion atzo Rojok.

Bigarren saioa apirilaren 24ean izango da Lizartzako Kultur Gunean 11:00etatik 13:00etara. Ikastaroari jarraipena emanez, XIV. mendetik gaur arteko gertakariak azaltzeko asmoa izango du; hain zuzen, Nafarroako konkistarekin hasiz eta frankismoarekin bukatuz. Bertan, hainbat mugarri ere azalduko ditu. Hala nola, 36ko gerra eta Ipar Euskal Herriko Frantziako Iraultza, besteak beste.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!