Ur Kontsortzioaren esku geratu da Lizartzako uren kudeaketa osoa

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 14a, 11:59

Lizartzako Udalak 700.000 euroko aurrekontua izango du 2021erako; ohiko gastuak mantendu egin nahi izan dituzte eta murrizketak egin behar izan dituzte inbertsioetan.

Urte amaieran egindako osoko bilkuran onartu zuen Lizartzako Udalak 2021erako aurrekontua. Zehazki, 700.000 euro izango dituzte urtea amaitu bitartean. Iñaki Azpiroz alkateak azaldu duenez, iaztik jaitsiera izan du aurrekontuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen foru funtsean ere jaitsiera izan dutelako. Hala ere, ohiko diru partidak mantendu egin nahi izan dituzte eta inbertsioetara bideratutako partidan murrizketa nabarmena egin behar izan dute, zeroan utziz.

"Esfortzu handia egin behar izan dugu; ohiko gastuak mantendu nahi bagenituen, inbertsioetarako dirurik gabe geratzen ginen, baina soberakina badaukagula kontuan hartuta, hortik tiraka kreditu aldaketak eginez egingo ditugu inbertsioak", azaldu du Azpirozek. Izan ere, esaterako, herriko eragileak azken aldian egiten ari diren lana goraipatu du alkateak, besteak beste, Kalamatrike euskara eta kultura taldea eta Otsabio kirol elkartea aipatu ditu, «sekulako lana» egiten ari direlako: "Gauza bat inbertsio teknikoak dira, baina herriari benetako bizia ematen dietenak herriko eragileek antolatzen dituzten ekimenak dira; herria oso ondo ari da erantzuten eta ezinbestean zutabe ekonomikoa beharrezkoa dute". Horri eusten saiatu nahi du udalak.

Aurtengo lanak

Azken 20 urte ingurutan herriko ur depositua eta saneamenduko kontrola Ur Kontsortzioak zuen eta handik ateratzen zena herrian banatzea eta saneatzea udalaren esku zegoen. Apirilaren 1etik aurrera, ordea, zerbitzu integrala Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren esku geratu da. Azpirozek azaldu duenez, «erdipurdi zeuden kontadoreak zirela edo dena delako guztien diferentziala udalak bere gain hartzen zuen eta urtean 30 mila euro inguruko defizita izaten genuen». Hori dela eta kudeaketa osoa Ur Kontsortzioaren esku uztea erabaki dute. Herritarrei faktura zertxobait garestituko zaienez, trantsizio moduko bat egitea pentsatu dute ondorengo lau urteetan: "Hobarien sistema bat jarri dugu martxan: herritarrek udalari ordainduko lioketena eta orain kontsortzioari ordaindu beharko diotenaren arteko diferentzia hartu dugu kontuan". Hori horrela, aurten, diferentzia horren %75 udalak hartuko du bere gain eta %25 ordainduko dute herritarrek. Datorren urtean, %50 ordainduko du bai udalak eta baita herritarrak ere, eta bi urte barru, %25 udalaren kontu eta %75 herritarraren kontu izango da. Hiru urtera, berriz, guztia herritarraren kontura joango da.

Industriaguneko ur kudeaketaren kontrola ere Ur Kontsortzioak izango du aurrerantzean, eta egun, udala kontsortzioarekin harremanetan dago araztegia non jarri zehazteko.

Bestalde, energia eraginkortasunaren alde lanean jarraitu nahi du udalak eta herriko argiteria publikoa LEDera aldatzea erabaki dute. Horrela, argiteriaren kontsumoa%62 murriztu nahi dute. Kreditu aldaketa bidez ordaindu ahal izan dute instalazioa eta guztira 64.432 euroko kostua izan du.

Energiaren gaiarekin lotuta, iaz, eskola eta udala panel fotovoltaikoekin hornitzeko proiektua egin zuten, eta mediku etxean ere panel berdinak jarri zituzten. Bada, aurten, mediku etxeko panelak bikoiztu egin dituzte. Alkateak azaldu duenez, helburua udalaren jabetzakoak diren eraikinak energia berriztagarriz hornitzea da. Panel horiek sortzen duten energia momentuan bertan kontsumitzeko erabiltzen dute, ez da pilatzen, eta momentuz, bost kontagailutan dute eragina. Instalazio guztia amaitu dute dagoeneko, eta "paper kontuak" falta zaizkiela zehaztu du Azpirozek.

Hondakinetan ere izango dute aldaketa aurten. Zehazki, konpostagailuaren gaia birbideratzen ari da udala. Joseba Sanchez nekazaritza ingeniariaren laguntza jasotzen ari dira horretarako, eta berak proposatutako aldaketekin inbertsio bat egingo dute. Konpostagailu berriak ezarriko dira eta ondoan iturriak jarriko dituzte. Orain artean dauden guneak mantendu egingo dituzte, soilik aldaketa teknikoak dira egingo dituztenak. "Udaletik, gure ahalegina, konpostagailuen gaineko kontrola hobetzea izango da, herrian sortzen duguna herrian kudeatzen jarraitzeko eta eraginkorragoak izateko".

Horrez gain, urte honetan zehar, Araxes errekaren inguruan dauden kobazuloen inguruko azterketa bat egingo du Aranzadi Zientzia Elkarteak. "Indusketak egingo dituzte, auzolandegien bidez", zehaztu du alkateak. Ondoren jendaurreko emanaldi batzuk ere egingo dituzte lanak aurrera joan ahala. "Herrian zer daukagun ere ez dugu ezagutzen, eta Aranzadiren laguntzari esker, horretarako aukera izango dugu".

Gainerakoan, iaz hasitako proiektu batek ere izan du jarraipena. Herriko artxiboa berrantolatzeko lanak egin ziren, eta artxiboa dagoen gelaren erdiari beste erabilera bat emango diote aurrerantzean: gela isila jarri dute, ikasi nahi dutenek, etxetik kanpora gune isil bat izan dezaten. Astegunez, udaletxea irekita dagoen bitartean erabili ahalko da, eta asteburuetan ere zerbitzua eskainiko dute.

Jokin Bildarratz sailburuaren bisita

Duela hilabete inguru, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren bisita jaso zuten Lizartzan. Urte asko daramatzate eskolaren egoera dela eta borrokan: "Hezkuntza sailetik esan digutenez, Gipuzkoako eskolarik prekarioenetako bat da gurea". Kontua da, Lizartzako herriaren kokapenagatik, aldapa hasi bitartekoa, herri gunea, inundagarria dela. "Arazo serio bat daukagu: inundagarritasun kota hori jaisteko inbertsioa ez bada egiten, sekulako arazoak izango ditugu eraikin berriak egiteko, eta zer esanik ez zerbitzu publikora bideratutako eraikinak egiteko; guk gastu hori ezin dugu gure gain hartu eta ur agentziarekin hizketan ari gara", kontatu du Azpirozek.

Lizartzako Udalak "arazo ugari" ikusten ditu beste eraikin bat eraiki ahal izateko, beraz, badu beste proposamen bat aurrera begirako inbertsioetara begira "puntu garrantzitsu bat" izan daitekeena: "Gure proposamena da udala dagoen eraikina eskola bilakatzea eta udalaren zerbitzua Alondigara mugitzea. Proposamen hori aurrera ateratzeko buru-belarri lan egingo dugu, izan ere, momentuz aukera logiko bakarra horixe da".

Era berean, sailburuaren jarrera "sekulakoa" izan zela esan du alkateak: "Sintonia ona daukagu. Jakitun ziren zein egoeratan gauden, eta ea elkarrekin zerbait egiteko moduan garen". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!