Garikoitz Etxeberria Dueñaseko kartzelara lekualdatuko dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 10a, 11:00

Orain arte, Sevilla II espetxean zegoen preso lizartzarra; Etxeberriaz gain, beste bi euskal preso hurbilduko dituztela iragarri dute Espainiako Espetxe Erakundeek.

Azken asteotan baino mugimendu gutxiago iragarri dituzte gaur Espainiako Espetxe Erakundeek: hiru euskal preso hurbilduko dituzte Euskal Herriko inguruko kartzeletara. Ez dute iragarri inor Euskal Herriratuko dutenik. Tartean da Garikoitz Etxeberria Goikoetxea lizartzarra; Andaluziatik hurbilduko dute. Hain justu, 990 kilometrotara dagoen Sevilla II espetxetik, 310 kilometrotara geratzen den Dueñasekora (Palentzia) eramango dute. 

Lizartzarra, ordea, ez da lekualdatuko duten euskal preso bakarra izango; beste bi ere gerturatuko dituzte. Fernando Elejalde Tapia Puerto I kartzelatik (Andaluzia, 1.020 kilometro) Mansillara mugituko dute (Gaztela eta Leon, 370 kilometro) eta jada hurbildua zegoen Iñigo Vallejo Franco are gehiago hurbilduko dute: Dueñasetik Duesora (Kantabria, 170 kilometro). Elejalde zen Puerto I kartzelan zegoen azken euskal presoa, eta, beraz, euskal presorik gabe geldituko da kartzela hori. Puerto III kartzelan (Andaluzia) oraindik bederatzi euskal preso geratzen dira.

Bestalde, Herrera de la Manchako espetxean jada ez da euskal presorik. Argazki hori utzi dute asteon Espainiako Espetxe Erakundeek egindako mugimenduek. Izan ere, Etxerat senideen elkarteak gaur jakinarazi duenez, aitzinetik iragarritako zazpi mugimendu egin ditu Madrilek azken egunotan, eta horien artean zen Jon Mirena San Pedro Blancorena: Herrera de la Manchako (Gaztela-Mantxa, 640 kilometro) azken euskal presoa izan da, Dueñasera hurbildu baitute.

Jarraitu irakurtzen hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!