Lizartza inguruko mendiak ezagutzeko erronka, martxan

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 31a, 19:59

Herri inguruko hamar menditara igotzeko egitasmoa abiatu du Otsabio kirol elkarteak Lizartzan; irailera bitarteko epea egongo da mendi guztietara igotzeko.

Lizartza inguruko mendi eta leku esanguratsuak ezagutzeko egitasmo bat jarri du martxan Otsabio kirol elkarteak: hamar mendi igotzeko erronka luzatu die herritarrei. Familian zein bakarka, Lizartzako plazatik abiatuta egiteko hamar ibilbide proposatu dituzte eta hamarrak egiten dituenak saria izango duela aurreratu dute.

Axurdario, Urkita, Ulizar, Orunbe, Goltzurko zelai, Larte, Otsabio, Laparmendi, Pagoluze eta Imazen pagoa dira osatu beharreko ibilbideak. Iraitz Olaetxea Otsabio kirol elkarteko kideak azaldu duenez, parte hartzaile bakoitzari ibilbideak markatuta dituen mapa bat emango zaio. "Mendietako batera iristean argazki bat atera beharko dute, eta gero, argazki hori udaletxean erakusten dutenean zigilu bat lortuko dute, mendi horretan izan direla ziurtatuko duena". Gauza bera egin beharko dute gainerako mendiekin, hamar mendietako zigiluak lortu arte.

Antolatzaileek irailaren bata bitartean egiteko epea jarri dute: "Aste Santurako martxan jarri nahi genuen, eta hamar ibilbide direnez, tarte zabala utzi nahi izan dugu, denei denbora eman ahal izateko". Parte hartzaileek ibilbideen mapa goizetan udaletxean edo arratsaldeetan liburutegian eskuratu ahalko dute. Mapaz gain, Wikiloc aplikazioan aurki daitezke ibilbide guztiak, otsabio.lizartza@gmail.com helbidean.

Mendizaletasuna

Olaetxeak azaldu duenez, egoera honek "inprobisatu eta sormena erabiltzera" bultzatu ditu kideak, eta kirol elkarte bat diren neurrian, kirolari lotutako jarduerak dituzte ardatz, eta kasu honetan, "natura ezagutzeko modua ematea eta mendizaletasuna bultzatzea" dira helburuetako batzuk.

Mendizaletasunari lotuta, "garai bateko ohiturak zaindu nahian", mendi tontorretan dauden postontzietan parte hartzaile bakoitzak txarteltxo bana utziko du, izen-abizenak eta helbidea izango dituena. "Txartela uzteko postontzia irekitzean, aurreko kideren batek utzitako txartela badago, udaletxera ekartzeko deia egiten diegu, horrek ere erakutsiko baitu nor izan den mendi horretan". Postontziak mendi guztietan ez zeudenez, Otsabio arduratu da denetan jartzeaz. "Teknologia berriak erabiltzea ondo dago, baina gure ohitura zaharren berri izatea ere garrantzitsua ikusten dugu; horrela, mendi tontorretan postontziak zergatik dauden jakitera bultzatuko dugu jendea", esan du Olaetxeak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!