Eskuz egindakoak ikusgai

Irati Saizar Artola 2021ko mar. 11a, 19:59

Gurutze puntuan eta koloretako hondarrarekin egindako koadroen erakusketa jarri dute Lizartzako udaletxean; martxoaren 28a bitarte egongo da zabalik.

Azken urteetan zehar egindako eskulanak ikusgai jarri dituzte Milagros Goikoetxeak eta Maria Jesus Arozenak Lizartzako udaletxeko areto nagusian. Martxoaren 8a aitzakia hartuta, hilabete morea ari dira ospatzen Lizartzan, eta horren baitan antolatu du Kalamatrike euskara eta kultura taldeak erakusketa. Martxoaren 28a bitarte izango da erakusketaz gozatzeko aukera. Areto nagusia zabalik izaten da horretarako, 16:00etatik 19:00etara.

Gurutze puntuan egindako lanak jarri ditu ikusgai Goikoetxeak, eta Arozenak, berriz, hondarrez egindako koadroak eraman ditu. Biek dute gogoko eskulanetan aritzea eta urteak daramatzate lan horietan, bakoitza bere neurrian.

Zerbait desberdina probatu nahi zuelako hasi zen gurutze puntua egiten Goikoetxea: "Betidanik gustatu izan zaizkit eskulanak, eta Donostiako lagun baten amak sekulako lanak egiten zituen eta hark pasatzen zizkidan grafikoak". 30 urte inguru atzera eginda hasi zituen lehen lanak, eta ordutik hamaika koadro egin ditu. Egun, 19 lan inguru ditu etxean jasota, eta beste batzuk oparitzeko ere egin izan dituela azaldu du.

Arozenak ere urte batzuk badaramatza eskulanak egiten. Gogoan du, 20 bat urte atzera eginda Lizartzan eskulan tailerrak antolatu zirela eta hara joaten hasi zela. "Han egin nuen lehen hondarrezko koadroa, eta handik aurrerako guztiak etxean neure kasa egin izan ditut". Gaur egun, ordea, koadro horietako bakarra jasotzen du etxean, gainerakoak ingurukoei oparituta zituen. Erakusketa jartzeko deialdia jaso zuenean bildu egin zituen berriro guztiak, eta amaitzean berriro ere itzuli egingo dituela esan du.

Denbora pasatzeko egiten dute biek, eta biei on egiten die egiten dutenak. "Kontzentrazio eta pazientzia handia eskatzen duen lana izan arren, erlaxatu egiten nau", dio Goikoetxeak. "Niri ere lasaitzeko eta deskonektatzeko balio dit, horrela denbora arin-arin pasatzen zait", gaineratu du Arozenak. Goizeko ordu txikietara arte josten aritu izan dela aitortu du Goikoetxeak: "Hartzeko sekula ez nuen nagikeriarik izaten, baina uztea kosta egiten zitzaidan". Koadro gehienak lan egiten zuen garaian egin zituela, eta tarte bat noiz harrapatuko zain egoten zela kontatu du.

Pazientzia, denbora eta dedikazioa. Horrelaxe egindakoak dira areto nagusian jarri dituzten koadroak. Batzuk handiak, besteak txikiak, lan handiagoa eskatzen dutenak eta egiten errazagoak direnak aurki daitezke. "Ez dut inoiz neurtu zenbat denbora behar den horrelako lan bat egiteko, baina orduak eta orduak behar dira", dio Arozenak. Bat dator horretan Goikoetxea ere: "Zenbait lanek urtebete inguru edo iraun dezakete, hori bai, dedikatzen diozun denboraren arabera".

Gurutze puntuaz egindako koadroen artean badaude hainbat berezitasun dituztenak. Batetik koadro batean ikus daiteke irudiaren gainean perlak daudela josita, 1.100 perla, zehazki. Edota beste pare bat koadrotan, 80 kolore ezberdinetako hariak aurki daitezke. "Koloreekin arretaz ibili behar da, bestela marrazkia zeharo aldatu daiteke, atentzio handia eskatzen du eta bista ere ona behar duzu", dio Goikoetxeak.

Arreta bereziarekin aritzen da Arozena ere. Koloretako hondarra erosten du eta oinarriak kola moduko bat eramaten du. Irudia kalkatu egin behar izaten du eta ondoren, pixkana hondarra botatzen joaten da, zati bakoitzean, kolore ezberdina. "Puzzle baten modukoa da egiten dudan lana".

Hori eta gehiago

Ez da egiten duten eskulan bakarra, ordea. Arozenak makramea ere egiten du; beste gauzen artean leihoen kanpo aldetik jartzeko gortinak eta lanparak egin izan ditu eta tapizak egitea ere gogoko duela aitortu du. Goikoetxeari, berriz, kakorratz lana edota puntua egitea ere gustatzen zaio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!