Aitor Agirrebarrena gerturatu egingo dute

Ataria 2021ko urt. 15a, 16:44

Lizartzarra Puerto I kartzelan daukate (Euskal Herritik 1.020 kilometrora), eta orain, Villabonara (385 kilometro) gerturatuko dute.

Agirrebarrena 2002an espetxeratu zuten Frantzian eta 2009ko irailean sartu zuten preso Espainian, 129 urteko zigorra ezarrita. Lehen graduan eduki dute orain arte baina bigarrenera igarotzea onartu du espetxeetako tratamendu batzordeak. COVID-19aren izurriak eragindako osasun egoerak horretarako modua ematen duenean lekualdatuko dute, Espetxe Instituzioen esanetan.

Lizartzarrarekin batera Cadizeko espetxean egon den Jon Bienzobas ere gerturatu eta Dueñasera eramango dute (Euskal Herritik 310 kilometrora). Espainiako Espetxe Instituzioetako Idazkaritza Nagusiak gerturatuko duten hirugarren preso baten berri ere eman du: Iñaki Etxeberria Topasetik (460 kilometro) Duesora (170 kilometro) lekualdatuko dute.

Patxi Markes presoa Euskal Herriratu egingo dutela ere jakinarazi dute gaur; Castellotik (460 kilometro) Zaballara; bigarren gradura igaroko da hura ere. Horiez aparte, Basauriko espetxean dagoen Unai Fano presoari hirugarren gradua eman diote. 

Espetxe Instituzioen esanetan, presook espetxe legeria onartu eta eragindako oinazea aitortu dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!