Jaka VS Altuna III _ Lau eta Erdiko Finala 2020

Lizartzatik Bilbora, herri oso baten babesa

Ataria 2020ko abenduaren 27a

Lizartzako Aztinondo pilotalekuan aulki gehienak bete dira gaur ere, Erik Jaka herritarraren finala pantaila handian ikusteko. Ukabilak eta hortzak estutu dituzte herritarrek, baina Jakak ezin izan du bigarren txapela herrira eraman.

Beste egun borobil bat izateko desiratzen ziren lizartzarrak. Hemeretzi egunen buruan, bigarren finala zuen Jakak, eta ilusio faltarik ez zen herrian. Herriko ordezkariaren aldeko pankartekin apainduta zuten 17:00etarako Aztinondo pilotalekua eta 200 lagunentzako prestatu dute edukiera. Otsabio kirol elkartea arduratu da beste behin guztia antolatzeaz, eta gaurkorako neurri zorrotzagoak hartu dituzte: aulkiak bakarka jarri dituzte, eta familia berekoak ere banaka eseri behar izan dute.

Finala hasterako beteta zen ia pilotaleku guztia eta Jaka kantxara agertzearekin batera hasi dira herritarrak animoak ematen. Gaurkoan, ordea, batek baino gehiagok eman behar izan dituzte eskuak burura, eta nahi baino gehiagotan gainera. Indar eta babes faltarik ez du izan ez, pantaila handiz beste aldera egon direnen partetik. Finala amaitzean, txalo zaparrada jo dute, Jakari animoak eman eta Altuna III.a zoriontzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!