Lau eta Erdiko Pilota Txapelketako lehenengo finala jokatuko du igandean Erik Jakak (Lizartza, 1994), buruz buruko txapeldun izan berritan. Berriz ere txapela jantzi nahi du lizartzarrak.
2020ko urte bukaera gogoan izango duzu: bigarren finala segidan jokatuko duzu.
Nik uste dut 2020 denok gogoan edukiko dugun urte bat izango dela, eta nik, pertsonalki eta batez ere kirol arloan, betirako gordeko dudan urte bat izango da.
Ez zara, noski, aspertuko finalak jokatzeaz.
Nik uste dut inor ez dela inoiz aspertzen finalak jokatzeaz. Esperientzia benetan ederra eta aberasgarria dela iruditzen zait, eta nahiko nuke nire ibilbidean zehar beste final batzuk jokatzea.
Zer suposatuko luke bigarren txapela janzteak?
Ez dut hori pentsatzen hasteko denborarik hartu. Atzo [igandean] jokatu nuen finalerdia eta lortu nuen txartela finala jokatzeko, eta momentu honetan pentsatzen ari naizena eta lortu nahi dudana da igandeko partida horretara ahalik eta joko maila eta egoera fisiko onenean iristea. Gero, irabazi edo galdu, egingo dira egin beharreko balorazioak, baina une honetan partida horretan zentratzen ari naiz, ahalik eta maila onena emateko.
Finalerditik zer sentsazio jaso dituzu?
Oso onak. Txapelketako lehenengo partidan ez ziren nahi bezain onak izan, eta atzo [igandean] sentsazio horiek asko hobetu ziren. Kantxan beste modu batera mugitu nintzen, pilota ere beste modu batera mugitu nuen, eta oso kontentu nago egindako partidarekin. Baina ez dit balio partida horretan pentsatzen egoteak. Orain igandeko partidan zentratu behar naiz eta gero gerokoak.
Finalerdiak bere gorabeherak izan zituen.
Bai, bolada handiekin joan zen partida. Banaka jokatzerakoan behin baino gehiagotan pasatzen den gauza bat da. Sakea duzunean asko ematen duzu, eta hori garbi ikusi zen partidan. Gainera Eibarkoa bezalako frontoi azkar batean, ezker pareta berezi horrekin, bai niri eta bai Josebari kosta egin zitzaigun sakea errestatzea, sake-erresto horretan bigarren pilota urruti jartzea, eta nik uste dut partidaren gako handiena hor izan zela.
Zeure buruan konfiantza duzula ikusten da.
Orain arte egin dudan lana ona da, eta iruditzen zait edozein ni irabazteko gai den moduan ni ere gai naizela edozein irabazteko. Ez da inoiz partida bat irabazitzat eman behar, eta 11-1 irabazten nindoala, garbi nuen nik lortu nuen bolada hori ere berak lortzerik bazuela. Hori ikusi egin zen, 13-16 aurretik jarri baitzen. Momentu horretan ere ez nuen etsi, eta lanean jarraitu nuen, jakinik gauzak ondo egiten ari nintzela eta bide horretatik jarraituz gero irabazi ahal nuela.
Eta finalean berriro ere Altuna aurkari. Zer suposatzen du horrek?
Beste une ahaztezin bat izango da. Finalak beti izango dira ahaztezinak pilotariontzat eta lagun baten aurka jokatzen dugunean oraindik eta gehiago. Buruz buruko finala oso berezia izan zen biontzat, eta uste dut lau eta erdiko hau ere halaxe izango dela. Jakin beharko dugu, aurrekoan egin genuen moduan, gure laguntasuna une horretan aparkatzen, eta bakoitzak bere lana egiten.
Buruz buruko finaletik zer aldatuko da oraingo honetara?
Nire onerako ez nuke nahi gauza asko aldatzerik. Partida guztiz ezberdina da, kantxako neurriak ere bai, eguna ezberdina, pilotak ere bai, eta buruz burukoa irekia ikusten nuen moduan, igandeko finala ere irekia dela uste dut. Biok ditugu aukerak irabazteko, eta garbi dago irabazi nahi duenak lan on bat eginda irabazi beharko duela.
Eraginik izango du aurreko finalak oraingoan?
Ez zait iruditzen. Hura bukatu zen, ni pozik atera nintzen Bilbotik eta Jokin triste. Ni aurreko bide beretik noala iruditzen zait, bide onean, gustura nago, eta Jokini ikusten diot berak ere hartu zuen kolpe horri buelta eman ziola. Aurreko partidetan ikusi da hasiera batzuetan presionatu samar, baina nik bera ehuneko ehunean ikusten dut eta Jokin handi bat espero dut igandean.
Hain justu, nola ikusi duzu Altuna txapelketako bere bi partidetan? Finalerdian erosoago, agian?
Lehenengo partida konplikatua izaten da, eta guretzako oraindik eta gehiago, kontuan izanik buruz buruko partida batetik gentozela, eta astebete eskas izan genuela partida hori prestatzeko. Ez da erraza momentu batetik bestera beste modalitate batera aldatzea eta txapelketak eskatzen duen tentsio hori mantentzea. Jokin lehenengo egun horretan nahiko lotuta hasi zen, bere jokoa ondo egin ezinik, baina partida unerik zailenean zuenean lortu zuen buelta ematea, eta bigarren partean oso eroso irabazi zuen. Eta finalerdian ere antzeko zerbait gertatu zen. Oinatz ikaragarri jokatzen hasi zen, baina Jokinek heldu behar izan zuen momentuetan ondo heldu zion eta bigarren partean aurkaria baino gehiago izan zen.
Nola egin aurre Altunari?
Ni nirea egiten saiatuko naiz, eta seguru nago bera berea egiten saiatuko dela. Elkar ondo ezagutzen dugu, baina uste dut bakoitzak bere lanean zentratu beharra duela. Ni behintzat nire lana ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz, jakinik hori eginez gero irabazteko aukerak izango ditudala.
Entrenamenduak egin dituzu Altunarekin lau eta erdian. Finalerako balioko dute zerbaitetan?
Entrenamendu horiek bioi asko balio izan digula uste dut, berriz ere final batean gaudelako. Hortik aparte, erreferentzi moduan ez du balio. Partidetako tentsioa oso ezberdina izaten da.
Finalaren aurreko aste honetan, Eguberri eguna dago tartean. Nola igaroko dituzu egun hauek?
Eguberriak datoz, baina nahiko bereziak izango dira. Ni saiatuko naiz nire betiko errutina egiten. 24an eta 25ean familiako gertukoenak direnekin elkartuko naiz; garbi dut Gabonak ere hurrengo urtean izango direla, eta ez dakit final bat berriz jokatzeko aukera izango dudan. Esandakoa, nire errutinak egiten jarraituko dut, eta iruditzen zait hori egitea garrantzitsua dela igandera ahalik eta ondoen iristeko.