Jaka VS Altuna III _ Buruz Buruko Finala 2020

«Txapela irabazteak lehen plano batera gerturatu nazake»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 30a, 20:20

Oraindik guztiz sinesten ez badu ere, eskuetan du txapeldunaren garaikurra; txapela, berriz, kostata eranzten du burutik; kazetariei erantzuteko tarte bat hartu du, herriaren omenaldia jaso aurretik.

Etxetik herriko plazara jaitsi, eta parez pare topatzen dituen herritarren eta eskolako haurren zorion mezu nahiz oihuei esker hitz eta keinuekin erantzutea. Hori da, une honetan, Erik Jakak (Lizartza, 1994) duen egiteko nagusietako bat. Pozez zoratzen dago, eta ez da gutxiagorako, lortutakoa balentria handia delako.

Hasteko, zer moduz duzu ezkerreko hanka?

Egia esan, minduta. Gauean zehar pixka bat molestatu dit. Orain, hala ere, sentsazio hobeekin aurkitzen naiz. Pauso bat ematen dudan bakoitzean mina nabaritzen dut, baina nahiko baikorra naiz.

Nola eboluzionatzen duen ikusi beharko da, beraz.

Bai. Ea bihar nola esnatzen naizen. Goizean dugu lau t'erdiko txapelketaren aurkezpena, eta aurrez medikuarekin hitz egitekoa naiz. Probaren bat egin edo ez erabakiko dugu, nire parte hartzea sentsazioen araberakoa izango baita.

Zer moduzko gaua izan da?

Aspaldiko txarrena izan da. Txapelketan zehar oso ondo egin dut lo, baina atzo asko kosta zitzaidan lokartzea. Ez dut bereziki ongi deskantsatu, baina egia esan, txapela ondoan edukita berehala ahazten dira min guztiak.

Izan al zen ospakizunik igandean?

Ez, ez. Bilbotik bueltan, Tolosan geratu nintzen. Aita bertan bizi da, eta bera agurtu nahi nuen. Momentu polita eta berezia izan zen garaipena elkarrekin ospatzea. Gero, etxera iritsitakoan, zain nituen txakurra eta bikotea, eta eurekin egon nintzen. Senitarteko baten etxera joan ginen, eta bertan, pare bat xanpain kopa edan eta gozo dezente jan nituen; banuen horretarako gogoa. Tartean, jende askoren zorion mezuak jasotzeko aukera ere izan nuen.

Dagoeneko hasi al zara txapeldun berria zarela sinesten?

Apur bat lekuz kanpo nago. Guzti hau berria da niretzat, orain arte bizi gabekoa. Zoriontzen zaituzten guztiei erantzun nahi diezu, ematen dizuten guztiagatik eskertu, eta akaso estutasunezko uneak ere igarotzen dituzu. Baina aldi berean, oso polita izaten ari da. Horregatik, zoriontzen ari zaizkidan zale guztiei eskerrak emateko aprobetxatu nahi dut momentu hau.

Zenbat mezu jaso dituzu?

Whatsapp mezuak eta sare sozialetako notifikazioak kontuan izanda, ehunka. Horrez gain, teknologia kontuetan oso abilak ez direnek telefonoari itsatsita izan naute goiz osoan.

Ez zenuen zure burua orain zauden lekuan ikusten?

Ez nuen irudikatzen behintzat. Inoiz ez dut pentsatu nolakoa izango zen txapela irabazi ondorengo eguna. %100ean partidan egoten saiatu nintzen, kontzentratuta, eta uste dut lortu nuela. Aste guztian zehar aritu nintzen partida ongi prestatzen, eta gaur eta hemen txapelarekin baldin banago, zerbaitegatik da.

Berrikusi al duzu finala?

Ez. Galdu ala irabazi, deskonektatzea gustatzen zait. Behin frontoitik irtendakoan, erabat ahaztu nintzen partidaz. Autoan sartu eta musika entzuten etorri nintzen. Oroitzapen ugari etorri zitzaizkidan burura.

Nola kudeatzen da final bat amaierako zatian minduta sentitzen zarenean?

18. tantoan sentitu nuen benetako mina. Aurrez, eragozpen huts bat zelakoan nengoen. Hala ere, sakea nire esku nuela eta hori aprobetxatu beharrean nengoela pentsatu nuen, baita egin ere. Hiru tanto lortu nituen sakez; partida guztia kontuan izanda, orduan asmatu nuen gehien sakearekin. Gogoan dut 21 eta 14koa tanto nahasia izan zela, eta amaieran ezin izan nuela pilotaren bila abiatu. Ondo aurkituz gero, badakit pilotakada hori emango nuela, baina ez zen hala izan. Hortik aurrera, sufritzea egokitu zitzaidan.

Txapela geroz eta urrutiago sentitu zenuen?

Oraindik, ordea, ez nuen irabazita. Argi nuen, txapelketa osoan zehar bezala jokatu behar nuela, partida ez dela 22 tanto egin arte amaitzen, alegia.

Eta irabaztean? Zer pasa zitzaizun burutik?

Batez ere, nire amaz oroitu nintzen. Une oso gogorrak igaro behar izan zituen, eta beraz, berari eskaintzen diot lorpen hau. Osabaz ere gogoratu nintzen.

Aurrerantzean, gorriz ariko zara partida guztietan.

Bai. Finalean ere hala egin nuen, baina datozen egunetatik aurrera txapeldunaren ikurra eramango dut soinean. Arrotz egingo zait, baina berezia izango da, zoragarria. Poz ikaragarria ematen dit, eta gozatzera aterako naiz partida guztietan, emaitza onak lortzeko helburuarekin. Txapeldunak presio gehigarri bat izaten duela esan ohi den arren, nik ez dut horrelakorik sentitu nahi. Neroni jada nahiko zorrotza naiz neure buruarekin. Honaino heldu banaiz, gainera, horregatik dela esango nuke. Jokinek (Altunak) astean zehar esan zuen bezala, ez da batere ona txapeldunaren kamiseta eramateagatik zure buruari gehiago egin ahalko zenukeela eskatzea. Egunak igaro ahala, lortutakoa asimilatzen eta balioan jartzen joango naiz, oraindik ez baitut guztiz sinesten.

Hala ere, aldaketa bat nabarituko duzu.

Egia da aurrerantzean erabat ezberdina izango dela pilota munduan nuen nire panorama. Orain arte, bigarren plano batean aritu naiz, hau da, mediatikoagoak izan diren pilotari gehiago izan dira. Txapela irabazteak lehen plano batera gerturatzea ekar nazake. Hala ere, horrek ez dit loa kenduko. Nire lana egiten jarraituko dut, orain arte egin bezala. Partida guztietan ahalik eta lehiakorren izaten saiatuko naiz, txapelketetan geroz eta urrutiago heltzeko helburuarekin.

Pilota ez dute soilik faborito etiketa duten pilotariek osatzen, eta askotan ikusten da txapelak, edo baita partidak ere ez dituztela beti horiek irabazten. Darioren adibidea da garbiena. Iaz promozio mailako txapelketa irabazi ondoren sartu da aurten lehen mailakoan. Finalerdietara heltzea lortu du, sekulako maila erakutsiz eta iazko txapelduna kaleratu ondoren. Ondorioz, frontoietan egoten garen guztiok gara pilotaren parte: pilotariak, enpresetako langileak, kazetariak eta epaileak. Ezinbestekoak gara horietako bakoitza, eta guztion lanari esker jarraitzen dugu kirol honetaz gozatzen.

Izan al duzu Jokinekin hitz egiteko aukerarik?

Bai. Atzo, partida amaitu eta berehala zoriondu ninduen, baita aldageletatik atera eta etxera joan aurretik ere. Bera den bezala portatu zen, eta beste behin ere, sekulako bihotza duela erakutsi zuen. Erabat ulergarria iruditzen zait triste egotea. Jendea harritu egiten da inpotentzia hori sentitzen dugula ikustean. Josebaren (Ezkurdia) aurkako partidan ere ikusi zen hori. Baina, azkenean, kontuan izan behar da txapelketa hauek urtean behin bakarrik jokatzen ditugula, eta ilusio handia dugula horietan parte hartu eta ahalik eta hobekien egiteko.

Une gogorrak dira. Badakit berak sekulako lana egin duela finalera iristeko. Ukaezina da artista handia dela, baina bera ez da artea bakarrik. Sakrifiziozko ordu asko sartzen ditu pilotan ahalik eta hobekien jokatzeko. Egunero ikusten dut lanean, eta badakit berdin jarraituko duela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!