Ez zaio urduri nabari Erik Jakari (Lizartza, 1994) lehen mailako bere lehendabiziko finalaren aurrean. Lasai erantzun ditu galderak, eta garbi utzi du bere aukerak dituela txapela janzteko.
Nola prestatzen da orain arte izan duzun partida garrantzitsuena?
Ez dut pertsonalki asmorik ezer berezirik egiteko. Txapelketako beste partida bat bezala prestatuko dut hau ere. Ideia da partidara ahalik eta freskoen eta ahalik eta joko puntu onenarekin iristea.
Zeruan zeundela esan zenuen finalerdia bukatu eta gero. Nola sentitzen zara orain?
Dagoeneko hankak lurrean ditudala. Momentua emozioen aldetik oso indartsua izan zen, lehen mailako nire lehen finalean sartu berri nengoen, eta ez dut uste inongo adierazpen txarrik egin nuenik. Airean bezala nengoen, sentsazioa sekulakoa zen, baina nik uste igandetik ere hankak lurrean ditudala, garrantzitsuena igande honetakoa prestatzea delako.
Nolako sentsazioak dituzu? Agian igandean aldatuko dira?
Aurreko astekoen antzekoa izatea espero dut. Aurreko asteak nahiko ondo pasa ditut. Partidari bai edo bai bueltak ematen dizkiozu; aurreko asteetakoak garrantzitsuak baziren, zer esanik ez orain datorrena. Ez dut zerbait txarra bezala hartzen. Badakit urduritasun puntu hori izango dudala igandean, baina uste dut normala dela. Ez da zerbait negatiboa bezala ikusi behar, bai asmatu behar dudala urduritasun horiek kudeatzen, nire jokoan eragin negatiborik ez izateko.
Uste zenuen aukerak zenituela finalera iristeko?
Nondik nentorren ikusita, partida bakoitza lehiatzea eta gozatzea izan da planteamendua, eta uste dut lortu dudala. Azken egunean erabaki genuen txapelketan parte hartzea eta ikusi noraino iristea lortu dudan. Lehenengo partidan banekien norgehiagoka oso gogor bat nuela Joanesen aurka, eta horrelaxe izan zen: nire jokoa ateratzea kosta egin zitzaidan partidaren zati luze batean, eta bigarrengoan nire lekua aurkitu nuen frontoian. Orduko sentsazio horiei jarraipena emanez, hurrengo bi partidetan uste dut nire jokoak gora egin duela, fisikoki ere ondo sentitzen ari naiz, eta espero dut aste honetan egiten dudana gorako bidean egitea.
Eta, orain, finalean, aurkaririk bereziena.
Uste dut hori dela hitz perfektua. Jokin eta biok betiko lagunak gara, elkar oso ondo ezagutzen dugu, ordu asko elkarbanatzen ditugu bai entrenamenduetan eta horietatik aparte. Bai niretzat, bai eta berarentzat ere jokatzerik dagoen finalik politena izan daiteke. Edonork irabazten duela ere, bestearengatik poza hartuko du, baina galtzen duenak ere min handia sentituko du galtzeagatik. Bioi galtzeak min handia ematen digu, eta partida bekozko ilunarekin jokatuko dugu igandean.
Altunak nola jokatzen duen memoriaz jakingo duzu. Zuk nola egingo diozu aurre?
Ez dut uste ez berak ez nik ezer arraroa egiten saiatuko garenik. Profesionaletan ez gaude tenisean-eta bezala 200 parte hartzaile, eta ez duzu jokatzen bi urtez ikusi ez duzun aurkari baten kontra. Denok nahiko ondo ezagutzen dugu elkar, bakoitzaren alde indartsuak eta ahulxeagoak ondo ezagutzen ditugu, eta gure kasuan are gehiago, elkarrekin pasatzen ditugun orduengatik. Bakoitza bere jokoa egiten zentratuko da, eta joko hori ondoen egiteko gai denak asko izango du irabazita.
Altunaren seigarren finala izango da lehen mailan. Zure lehenengoa. Horrek abantaila ematen dio berari?
Ez dut uste abantaila denik. Berak final horiek jokatu baditu bere merituz izan dira, eta ni final honetara iritsi naiz nire merituz ere. Garbi dago bera izango dela faboritoa. Horrek ez dit lorik kentzen. Berak egia da esperientzia gehiago duela, baina horrek agian exijentzi gehiago ekarriko dio berari. Ni final honetara pixka bat tapatuta bezala nator; inork ez lituzke 50 euro ere jarriko ni finalean egotearen alde, eta hemen nago, ezer galtzekorik gabe, ilusioz gainezka, eta gainera nire buruan konfiantza dut. Aurreko partidetan egindako jokoa egiteko gai banaiz, aukerak ditut txapela janzteko.
Nola ari da bizitzen Lizartza finala?
Herriaren babesa eta ingurukoen babesa beti nabaritzen da. Kalera ahalik eta gutxiena ateratzen ari naiz, ez bakarrik egun hauetan, baita txapelketa hasi aurretik ere. Ezin duzu arriskatu, edozergatik txapelketatik kanpo gera zaitezkeelako, eta uste dut buruarekin jokatzea tokatzen zaigula, inoiz baino gehiago.
Lehen finala, eta publikorik gabe...
Pena da batez ere final batek ekartzen duen festa giroarengatik. Nire helburua da igandean txapela ateratzea, eta etxean dauden guztiek gozatu dezatela horrekin. Txapela ateratzen badut, seguru denbora batean ez dela ahaztuko, eta ziur nago hau dena bukatzen denean ospakizun eder bat egiteko unea aurkituko dugula.