«Beste lan batekin partekatu behar dugu jarduna»

Irati Saizar Artola 2020ko aza. 27a, 07:58
Esnaola musikaria Izaroren Kursaaleko kontzertuan. IRATXE ETXEANDIA

Musikarien jarduna duintzea du helburu Musikari elkarteak eta horretan arituko da aurrerantzean Garazi Esnaola, beste sei musikarirekin batera, zuzendaritza berrian; lehen zuten egoera prekarioa egoera honek agerian utzi duela dela dio

Musikari elkarteko gidaritza zazpi emakume musikarik hartu dute, eta tartean da Garazi Esnaola (Lizartza, 1992). Izaro Andres, Eneritz Dueso, Idoia Hernandez, Lide Hernando, Miren Narbaiza eta Olatz Salvadorrekin batera arituko da aurrerantzean lizartzarra. Musikarien jarduna duintzera bidean egingo dute lan, eta horretarako, musikariak elkartzeaz eta haien ongizatea aurkitzeaz arduratuko dira.

Zer moduz hasi duzue etapa berria?

Gogotsu hasi gara. Garai latz hauetan ikusten dugu badagoela zer egina. Betiere artea eta musikaren eszenan nahiko egoera prekarioan aritu izan gara lanean, eta egoera honek prekarietate hori agerian utzi du. Talde polit bat elkartu gara, eta gogo handiz gaude eta aldi berean lanpetuta erronka berriei ekiteko.

Kasualitatea da zazpiak emakumeak izatea? 

Ez da kasualitatea, ez. Guzti honekiko hausnarketa bidea Gernikan hasi zen, otsailean, emakume musikarien topaketan. Nik ezin izan nuen joan, baina haren harira, Whatsapp talde bat zegoen eta konfinamendua ezarri zutenean gure kezkak partekatzen hasi ginen bertan; hortik sortu zen beste talde bat, non, uste genuen eginbehar bat bagenuela eta zerbait egin beharrean ikusi ginen. Talde horretan zegoen Olatz Salvador, aurretik Musikari elkarteko zuzendaritzako kidea zena, eta berak guztion artean zuzendaritza talde berria har genezala proposatu zigun. Elkarte horrek bazuen ordurako ibilbide bat egina, eta babes egokia iruditu zitzaigun, eta orain erronkari heldu diogu.

Egoerarik berezienean hartu duzue zuzendaritza kargua.

Artista eta batez ere musikarien munduan egoera prekarioa ohikoa izan da, eta egoera honek hori hausnartzera eraman gaitu. Eta esango nuke egoerak berriro ere gure borroka horri ekiteko gogoa areagotu egin digula.

Pandemia baino lehen nolakoa zen zuen egoera? 

Mundu honetan dabilen jende askok ezagutzen du Euskal Herrian ez dela erraza musikatik bizitzea. Oso jende gutxi bizi da gainera; gehienok beste lan batekin partekatu behar dugu gure jarduna, hau da, bi lan izan behar ditugu. Zuzeneko kontzertuetan ere ordainduak izateko pribilegio hori oso gutxik daukagu. Orokorrean, ez da lan bat bezala ikusten, lehen ere ez, eta orain ere nahiko lan. Kulturan ere lan baldintza duin batzuk lortzeko saiakera egin nahiko genuke.

Sektorea ez dagoela erregulatuta, ez duzuela lan hitzarmenik edota diru laguntzak jasotzeko ere arazoak dituzuela esan izan duzue.

Halaxe da. Gure errealitatera egokitutako diru laguntzarik ez zegoen. Esanguratsua izan zen, esaterako, atera ziren diru laguntza horietan eskatzen ziren baldintzak ez zituela %90ak baino gehiagok betetzen Euskal Herrian. Azken finean, gizarte segurantzan alta emanda egon beharreko egun kopurua handia zen, 90 egunekoa, eta hemen oso zaila da hori lortzea. Izan ere, asteburuetan soilik lan egiten baduzu ia ezinezkoa da altan eskatzen zen egun kopuru hori betetzea.

«Oholtzako momentua izaten da gehien ikusten dena; atzetik, ordea, prozesu luzea dago»

Eta hor aldarrikatzen duzue oholtzan zaudeten momentuaz gain, sorkuntza, entseguak eta prestaketa ere lana direla.

Oholtzako momentua izaten da gehien ikusten dena, eta agian, baita gehien baloratzen dena ere. Baina hor atzean prozesu luze bat dago: grabaketena, entseguena, hori guztia diseinatzearena, prestatzearena... Hori ez da lana bezala kontsideratzen, soilik espektakuluko egunekoak hartzen dira kontuan. Momentuz, alta bakarra egun horretan izaten da, eta askotan nahiko lan hori lortzen ere.

Eta lan horretan, Musikari elkartetik zein pauso eman nahiko zenituzkete?

Euskal Herriko musikariak ordezkatu nahiko genituzke. Gure aldarrikapen eta interesak partekatuko genituzke bertan, eta horiei ikusgarritasuna eta pixkana erantzunak ematen saiatzea da asmoa. Artisten estatutuaren testuinguruan, ekarpenak egiten ari da azken urteetan elkartea, eta musika sektorea berreraikitzeko planetan ere lanean ari da. Horrekin jarraitu nahiko genuke.

Elkartzeko deia ere egin duzue. 

Garai hauetan erakutsi behar dugu kultura behar-beharrezkoa dela, funtsezkoa, bizitzeko behar dugun zerbait dela, eta hezkuntzaren eta osasunaren pare jartzeko arrazoiak baditugu. Behar duen prestigio hori eman nahi diogu.

Euskal Herritik kanpo ere ari zarete edo arituko zarete lanean. Espainiako Estatuko beste 14 elkarterekin batera Musikari Profesionalen Batasuna sortu duzue.

Guk zuzendaritza hartzerako egindako lanak dira horiek, bai. Urte batzuk badaramatza elkarteak horretan lanean, eta guk horren lekukoa hartu dugunez, beste pauso batzuk aurrera ematen saiatuko gara. Hala ere, aipatu, musikarien egoera Euskal Herrian edo Espainiako Estatuan edo inguruko estatuetan ere nahiko egoera prekarioa dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!