Larunbateko bertso saiorako gonbidapenak eskatu beharko dira udaletxean

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 1a, 19:57

Festak asteburu bakarrean ospatu ordez, iraila osoan zehar antolatu dituzte ekitaldiak Lizartzan; lehen ekitaldia, bertso saioa, gonbidapen bidez izango da.

Aste honen amaieran ziren astekoak Lizartzako jaiak. Udalak, ordea, festak ez ospatzea erabaki du, eta horren ordainetan, iraila guztian zehar gozatzeko kultur eta kirol egitaraua osatu du.

 

Larunbat honetan izango da lehen ekitaldia: bertsolariak arituko dira kantuan, 19:00etatik aurrera, eliz zimitorioan. Oihana Iguaran, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsotan, eta Amaia Agirre gaiak jartzen. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, gonbidapena beharko da bertso saioa entzun ahal izateko eta gonbidapen horiek doan eskuratu ahalko dira Lizartzako udaletxean edota 943 670 700 telefonora deituta. Gonbidapenekin lehentasuna izango dute, lehenik, Lizartzan erroldatuta daudenek; bertan jaioak direnek gero, eta gainerakoek azkenik. Hala ere, egunean bertan esertzeko lekua geratzen bada behintzat, sartzeko aukera izango da gonbidapena duten guztiak eseri ondoren.

 

Irailaren 12an, musika izango da protagonista. Olatz Salvador bakarlariak kontzertua eskainiko du, 19:00etan hasita, Medikuaren etxe aurrean.

Astebete beranduago, irailaren 19an, Bike Show Trial bizikleta izango da plazan. 17:00etan, haurren txanda izango da eta beraiei zuzendutako trial saioan parte hartzeko aukera izango dute. 19:00etan, aldiz, Irene Caminos eta Javi Alonso igoko dira bizikleta gainera, eta ikuskizuna eskainiko dute.

Kultur eta kirol eskaintzarekin amaitzeko, irailaren 26an, antzerkia izango da. Haurrei zuzendutako Bano Royal antzezlana eskainiko dute Ganso & Cia-k. Plazan izango da, 19:00etan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!