Festarik ez, baina kultur eta kirol ekitaldiak bai

Tolosaldeko Ataria 2020ko abu. 28a, 09:57
Irailaren 12an eskainiko du kontzertua Olatz Salvadorrek, Lizartzan

Lizartzako Udalak irailean izaten dituzten festak ez egitea erabaki zuen, baina iraileko asteburuetarako kultur eta kirol eskaintza prestatu du.

Ikasturte hasiera guztiak festan hasten dituzte lizartzarrek. Aurten, ordea, herriko festarik ez dute izango. Ordainetan, iraileko asteburuetarako kirol eta kultur eskaintza prestatzea erabaki du Lizartzako Udalak. Astebururo izango da zerbait. Bertsoekin hasi, eta antzerkiarekin amaituko dute egitaraua. 

Irailaren 5ean, larunbatean, bertso saioaz gozatzeko aukera izango da. Amets Arzallus, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio eta Julio Soto igoko dira oholtza gainera, 19:00etan. Gai jartzaile lanak Amaia Agirrek egingo ditu, eta Zimiterioan egingo da saioa.

Irailaren 12an, musika izango da protagonista. Olatz Salvador bakarlariak kontzertua eskainiko du, 19:00etan hasita, Medikuaren etxe aurrean.

Astebete beranduago, irailaren 19an, Bike Show Trial bizikleta izango da plazan. 17:00etan, haurren txanda izango da eta beraiei zuzendutako trial saioan parte hartzeko aukera izango dute. 19:00etan, aldiz, Irene Caminos eta Javi Alonso igoko dira bizikleta gainera, eta ikuskizuna eskainiko dute. 

Kultur eta kirol eskaintzarekin amaitzeko, irailaren 26an, antzerkia izango da. Haurrei zuzendutako Bano Royal antzezlana eskainiko dute Ganso & Cia-k. Plazan izango da, 19:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!