Lizartzako udaleku irekiak bertan behera geratu dira

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 18a, 09:59

Bete beharreko neurriak %100ean ezingo dituztela bermatu arrazoituta aurtengo udaleki irekiak ez egitea erabaki du Lizartzako Udalak.

Lizartzako Udalak bertan behera utzi ditu uztailean egitekoak ziren udaleku irekiak. "Ezin dugu bermatu erakundeetatik jasotako arauak %100ean betetzea", azaldu dute. "Neurri horiek beteta ere, eskaini genezakeen udalekuak ez lituzte gure herriko haurrak harremantzeko eta aisialdi eskaintza erakargarri eta hezitzaile bat bermatzeko beharrak asetuko".

Ia pauso guztiak emanak zituzten guztia antolatzeko: izen ematea eta begiraleen aukeraketa martxan ziren. Aurten, gainera, koronabirusak sortutako egoeraren ondorioz, "inoiz baino beharrezkoagoak" zirela sinetsita zeuden. Baina joan den astean jaso zituzten udalekuetan bete beharreko neurriak. Arau horien artean ziren haurren arteko gutxieneko bi metroko distantzia, musuko eta eskularruen derrigorrezko erabilera eta materiala elkarbanatzeko ezintasuna. Arauak behar bezala ezin bermatzeak eraman ditu erabakia hartzera.

Beraz, parte hartzeko izena eman duten familia guztiei udalekuak ez direla egingo jakinarazi nahi diete, eta aldi berean barkamena eskatu dute, "ahal dugun guztia eginda ere, udalekuak aurrera eramango genituela esan eta azkenean egingo ez direlako".

Era berean, haurren zaintzan laguntza behar duten familiei zaintza sarea antolatzen edota bide ezberdinak bilatzen laguntzeko prest daudela azaldu diete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!