Naparraren inguruko dokumental bat egiten ari dira familiarekin

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 7a, 09:46

Ekainaren 11 bitarte, dokumentala finantzatzeko ekarpena egin daiteke 'Verkamin' webgunean; Lizartzako Udalak herritarrak animatu ditu ekimenean parte hartzera.

Aurten 40 urte beteko dira Jose Migel Etxeberria Naparra azkenekoz ikusi zutenetik. Komando Autonomo Antikapitalisten kidea zen, 1980ko udaberrian desagerrarazi zutenean. Batallón Vasco Español talde parapolizialak hartu zuen bere gain desagerpen hura. 40 urte geroago, Iñaki Alforja eta Iban Toledo Naparraren auziari buruzko dokumental bat ari dira grabatzen. Familiarekin batera ari dira filma lantzen eta bertan «40 urte hauetan familiak nola aurre egin dien azaldutako traba guztiei» jasoko dute. «Bakartasun osoan ibili da familia, oso laguntza gutxirekin», gehitu du Toledok.

Dokumentala aurrera atera ahal izateko, finantzaketa kanpaina bat abiarazi dute, eta Naparraren sendiak Lizartzan duen baserria dela eta, Lizartzako Udalak herritarrak animatu nahi ditu bakoitzak bere ekarpentxoa egitera. Verkamin webgunearen bidez egin daiteke ekarpena, eta lagundu nahi duenak ekainaren 11 arte izango du aukera. Guztira, 15.000 euro bildu nahi dituzte.

BOLANTEA, SINBOLO

Naparraren autoa Ziburun agertu zen, jendarmeriatik gertu. Bere aita, jendarmeek deituta, Naparraren autoa azaldu zen tokira joan zen, eta jendarmeek kotxearekin zer egin nahi zuen galdetu ziotenean, egoera hark sortutako min eta nahasmen hartan, kotxearen bolantea desmuntatu eta etxera eraman zuen.

Bolante hori gertatutakoaren sinbolo bihurtu da, eta hortik dator dokumentalaren izenburua: Bolante baten historia.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!