Koronabirusa

Umorea, mezuak zabaltzeko erreminta

Ataria 2020ko maiatzaren 1a

Kalamatrike euskara eta kultur taldeak eta Lizartzako Udalak elkarlanean antolatuta, Alaialdia balkoiz balkoi egitasmoa egin dute, umore bidez konfinamenduaren arintzearen inguruko informazioa emateko herritarrei.

Pituxa eta Otxoku pailazoak, Garazi Esnaola akordeoi jolearekin batera, traktore baten atoian joan dira eguerdian herriko kaleetatik. "Egitasmoaren helburua izan da, konfinamendua arintzen hasi den honetan, herritarrei zabaltzea oso ondo egiten ari garela, eta orain kalera ateratzen hasiko garela-eta ze neurri mantendu behar diren", azaldu du Itziar Saenz de Ojer zinegotziak. "Alegia, eskuak maiz garbitzearena, bi metroko distantzia mantentzearena,... Iruditzen zitzaigun garrantzitsua herritarrei hori helaraztea, oraindik ez gaudelako egoera normal batean. Egitasmoan parte hartu dutenek ere uneoro distantziak mantendu dituzte euren artean".

Herri txikietan jende pilaketak saihestea errazago bada ere, "kontuan hartu behar dugu ez gaudela egoera normal batean", zehaztu du Saenz de Ojerrek. "Horregatik bururatu zitzaigun modu honetara zabaltzea neurrien berri. Jendea balkoietara azaltzen zen, eta azaldu zaie hartu behar diren neurriak. Hau guztia, umoretik eta Garazi Esnaolaren musikarekin". Erdigune guztia pasa dute eta gustura aritu dira egitasmoaren parte hartzaileak eta baita balkoietara azaldu diren herritarrak ere. Neurriei buruzko mezuak zabaltzeaz gain, dantzak ere egin dituzte, eta bonboiak banatu erraketen bitartez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!