'Txekorra' da Lizartzako inauteriak ospatzeko pasahitza

Ataria 2020ko otsailaren 8a

Fisikoki bertan egon ez arren txekorra presente izan da gaur goizean Lizartzan. Inauteriak abiatzeko gibel jatea egin dute eta Otsolar dantza taldeak emanaldia eskaini du.

Eguerdirako egin dute hitzordua pilotaleku atarian eta bertara agertu dira herritarrak ikusmiran. Antzerkia egin dute frontoira sartu aurretik eta aktoreek herrian jarri duten wifi sarearen berri eman dute. 'Txekorra' da aukeratu duten pasahitza sarera sarbidea edukitzeko.

Txekorra da, bide batez, Lizartzako inauteriaren iraganarekin lotura egiten duen irudia, eta gaur egun, jai hauei hasiera emateko lizartzarrek erabiltzen duten aitzakia. Elkarrekin kantatu dituzten bertsoak dira horren erakusgarri: "Esan ohi da, zaharrak berri / baina ezin eutsi horri / Garaiak ere aldatuz doaz / ohikoa da hori / Haize berriak festari / aurrera begira jarri / Urte askotan ospatuko da / ulertuz elkarri".

Bertsotan kantatu dutenez, "ohitura zaharrak alda daitezke, baina inolaz galdu ez", eta hortaz, alkatea eta herriko agintariak frontoian zirela, gibela jan dute lizartzarrek inauterien hasiera ospatzeko festan. Ondoren, Otsolar dantza taldearen emanaldia abiatu da, herriko musikarien zuzeneko musikaz lagunduta.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!