Lizartzako Sare Herritarra lantalde eratu berriak gaurko elkarretaratzerako deia luzatu du

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 31a, 14:31

2019ko Mendiz Mendi Etxera martxa, presoen alde urtero egiten dena.

Hileko azken ostirala izanik, 20:00etan elkarretaratzea egingo dute Lizartzako plazan; Lizartzako Sare Herritarra lantaldea sortu berri da, eta taldeka antolatuko dituzte hemendik aurrerako elkarretaratzeak.

Abenduan hasi zuen bere ibilbidea Lizartzako Sare Herritarra lantaldeak, helburu zehatzekin. Besteak beste, arrazoi politikoengatik preso dituzten Aitor eta Gari herrikideen etxeratzearen aldeko lanean "urrats berriak eman eta aktibazioan jauzi bat" ematea nahi dute. 

Gaur egun, Aitor Agirrebarrena Cadizko Puerto III espetxean aurkitzen da eta Garikoitz Etxeberria Sevillako II espetxean; biak ala biak euren etxeetatik 1000 kilometrotara.

Lizartza herri "txikia" izanik ere, "ehunka izan dira azken hamarkadetan presoen alde egindako ekimen eta ekitaldiak, hainbeste, non badiren gutxienez 40 urte luze egun bakar bat egon ez denik herrian preso edo erbesteraturik izan gabe", Sare Herritarrak azaldu duenez.

Urtarrilaren 11ko Bilboko manifestaldiaren ondoren, lantaldeak dinamika indartzea erabaki du, eta lehen urratsa Aitor eta Gariren senideekin bilkura bat egitea izan da; tartean dira 6 hilabeteko eta 5 eta 9 urte dituzten motxiladun umeak ere.

Bertan, dinamika berriaren nondik norakoak azaltzearekin batera, hilabetero herriko talde desberdinekin biltzeko asmoa jakinarazi zitzaien. Honako helburua adostu dute: talde bakoitzak erabakitzea egokitzen zaion hilabete horretan zer nolako ekimena egingo duen Orain Presoak, Aitor eta Gari Etxera dinamikaren baitan, "izan kalejira bat, izan dantza emanaldi bat, izan bertso saio bat, izan elkarretaratze bat...".

Urtarrileko ekimena, gaur arratsaldekoa, senideen esku utzi du Sare Herritarrak, eta orain arteko ohiturari eutsiz, 20:00etan kontzentrazioa egingo dute herriko plazan.

Sare Herritarrak deia luzatu diete herritar guztiei, "elkarbizitzaren alde urratsak ematearekin batera, benetako konponbide batek Aitor eta Gari etxean izatea, gure artean izatea ezinbestekoa egiten duelako".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!