Lizartzarrak eta igeldotarrak elkarrekin kantuan, bihar

Irati Saizar Artola 2020ko urt. 17a, 11:58

Lizartzako Hostotsa abesbatzak eta Igeldoko Lezkarri abesbatzak kontzertua eskainiko dute, bihar, Lizartzan.

Urtea hastearekin batera kontzertu bat prestatu dute lizartzarrek. Bihar, 19:30ean, Lizartzako Hostotsa abesbatzak eta Igeldoko Lezkarri abesbatzak bat egingo dute elizan, eta dituzten abileziak jendaurrean erakusteko tartea hartuko dute, hamabi abestiz osatutako errepertorioa osatu baitute.

Bost urte beteko ditu udazkenean Lizartzako Hostotsa abesbatzak, eta azken urteetan bezala, aurten ere herritarren aurrean kontzertua eskaini nahi dute. Egun, 23 ahots eta hainbat musikarik osatzen dute taldea, eta kantagintza lantzea helburu, euskal kantua izango da nagusi euren errepertorioan. Lan horietako asko, ekimenaren sustatzaile eta zuzendari den Jesus Mari Esnaola Xoanek sortutakoak eta moldatutakoak dira.

Kontzertuan hainbat musikarik ere hartuko dute parte: Garazi Esnaola ariko da pianoan, biolina jotzen Ismene Urkiza izango da, Txema Murgaldai ariko da gitarrarekin eta Manex eta Beñat Bengoetxearen ardurapean izango da perkusioa.

Herritarrek lau abesti prestatu dituzte biharko kontzerturako: Itzaltzuko bardoa, Zure itsasoa ikusiko balitz, Zuregana noa eta Akerra zen.

Gonbidapena Igeldora

Hostotsa abesbatzarekin batera Igeldoko Lezkarri abesbatza arituko da Lizartzako elizan. 2005ean sortutako abesbatza honek kulturaren sustapenerako eta euskararen garapena bultzatzeko asmoarekin jarri zuen martxan errota, eta geroztik lanean ari dira hamasei kide, hamasei ahots, Laida Otaduy zuzendariaren gidaritzapean. Igeldotarrek errepertorio koraleko hainbat obra ezagun prestatu dituzte eskualdean abesteko. Besteak beste, Bili-bili bonbolo, Velsiguede Morgan, Bai aldakizu maite?, Villancico de la Vera de Caceres, When stars begin to fall, Txakolineta Siyahamba.

Kontzertuari amaiera emateko bi abesbatzek abesti bat elkarrekin abestuko dute: Joxean Artzeren eta Mikel Laboaren Txoria txori.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!