Kudeatzaile berriak «mimoz» hartu du Lizartzako Ostatua

Irati Saizar Artola 2020ko urt. 16a, 19:58

Abenduaren 24tik Irama Egurrolak darama Lizartzako Ostatuaren martxa; pintxoak, menuak, ogitartekoak eta plater konbinatuak eskaintzen ditu.

Gabon egunean pintxo-potearekin ekin zion etapa berriari Irama Egurrolak. Bilbotarra izatez, Lizartzan bizi da egun eta Ostatuko kudeaketaren ardura hartu berri du. Etapa berria «ilusioz eta gogo handiz» hasi duela dio.

Aurreko kudeatzaileek abenduaren 20an itxi zituzten ateak, eta ordurako Lizartzako Udalak egina zuen kudeatzaile berriaren esleipena. Hiru hautagai aurkeztu ziren eta kontratazio mahaiak Egurrolak aurkeztutako proposamena esleitu zuen. Ateak itxi eta lau egun beranduago ekin zion proiektu berriari: «Ez da tarte luzez egon itxita, eta jendeak ez du tabernaren falta handiegirik sumatu», dio Egurrolak. Bide batez, Lizartzako Udalak, eskerrak eman nahi dizkie aurreko kudeatzaileei «azken urteetan egindako lanagatik».

Egun seinalatuan ireki zituen ateak, eta Gabonak «jende askorekin» pasa dituztela dio. Ikusitakoarekin eta egindakoarekin, momentuz, «oso pozik eta gustura» dagoela esan du: «Lizartzarrek badute ohitura tabernara sartu-irtenen bat egiteko; poteatzera edo kafea hartzera maiz etortzen dira». Herritarrak «jatortzat» ditu, eta pixkana jendea «hobeto ezagutzen» ari dela dio.

Esperientzia du Egurrolak ostalaritzan. Hogei urte inguru daramatza mundu horretan lanean, eta «mimoz» lan egiteari ematen dio garrantzia: «Bezeroa zaintzea gustatzen zaigu, zaintze hori zainetan daramagu dagoeneko». Zerbitzari lanetan aritzen da Egurrola bera Ostatuan, eta sukaldari batek laguntzen dio pintxo eta otorduak prestatzen. Asteburuetan, ordea, zerbitzari batek laguntzen die zerbitzua osatzen.

Herrian zegoen beste taberna, Joxe Mari ostatua, duela gutxi itxi dute urteak zabalik egon ondoren. Gaur gaurkoz, beraz, taberna zerbitzua eskaintzen duen lokal bakarra dago zabalik herrian. Beraz, ostatua «herritarren bilgune» izango den leku bat izatea nahi du Egurrolak. «Garrantzitsua da guretzat herritarrek leku fisiko bat izatea elkartu eta denbora tarte bat elkarrekin pasa ahal izateko».

ESKAINTZA ZABALA

Egunero-egunero 09:30ean zabaltzen du taberna. Egun guztian zehar irekita egoten da eta azaldu duenez, ez du itxierarako ordu finkorik: «Normalean, jendeak alde egiten duenean ixten dut». Asteko jai eguna astearteetan izaten dute.

Goizetan, ireki bezain pronto, pintxoak ateratzen ditu barra gainera. «Pintxoetatik txorizo egosiak eta tortilla patatak dute arrakasta gehien», dio. Gainerakoan, lanegunetan eguneko menua izaten du eguerdietan, eta ogitarteko eta plater konbinatuak ere eskaintzen ditu. Astebururako menu berezia prestatzen du, eta ostiral gauetik hasten da eskaintza horrekin. Jantoki zabala dute otorduak egiteko: 25 lagun ingururentzat adina leku dago.

Sukalde «tradizionala» dutela dio kudeatzaileak, «betikoa». «Horrek funtzionatu egiten duela ikusi dugu, eta horrekin jarraituko dugu».

Irekiera egunean pintxo-potearekin hasi ziren, eta ostegunero gauza bera egiteko asmoa dute. Gaur arratsaldean, beraz, pintxo-poteaz gozatzeko aukera izango du ostatura bertaratzen denak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!