"Momentukoari heldu behar zaio, eta gauzak ahalik eta ondoen egin"

Imanol Garcia Landa 2020ko urt. 9a, 19:59

Pozik hartu zuen pilotari lizartzarrak Binakako Txapelketan parte hartzeko aukeratua izatea, eta oraindik ere gusturago dago ikusita sailkapeneko lehen postuan doazela.

Albiste izan zen Binakako Txapelketaren hasieran, lehen aldiz titular izan baitzen, eta egun ere albiste da, Jose Jabier Zabaletarekin batera sailkapeneko lehen postuan baitago, ligaxkako lehen itzulia bukatuta. Halere, Erik Jakak (Lizartza, 1994) hankak lurrean ditu, eta partidaz partida joan nahi du.

Hasieratik hasiko gara. Binakako Txapelketan lehen aldiz titular moduan ariko zinela jakitean, zer sentitu zenuen?

Lehenik eta behin sekulako poza sentitu nuen. Azken bi-hiru urtetan hor ibili naiz, txapelketaren ateetan, sartu edo ez sartu. Azken urteotako lan onak bere fruituak eman ditu, txapelketa batean jokatzeko aukerarekin. Hasieran pozik banengoen txapelketa jokatzeko aukera izanik, orain gehiago, txapelketa nola doan ikusita.

Bikotea Jose Jabier Zabaleta izango zela jakitean, are eta gusturago?

Txapelketa baten barruan zaudenean, nik uste dut ez diozula lehenik eta behin horri begiratzen. Garrantzitsuena txapelketan bertan egotea da. Gero, poz handia hartu nuen Jose Jabierrekin jokatzen nuela jakitean. Aurreko urteetan egin ditudan ordezkapenetan berarekin tokatu zait, eta uste dut lan ona egin genuela. Momentuz ikusten da bakoitzaren jokoa ondo egokitzen dela bestearenarekin, eta ea horrela jarraitzen dugun.

Lehenengo parte hartzean, espero zenuen sailkapeneko lehen postuan egotea lehen itzulia bukatu eta gero?

Egia esan ez nuen luzaroko aurreikuspen handiegirik egin. Jose Jabierrek horrelako txapelketetan nik baino eskarmentu gehiago du, eta berak esan zidan ez duela balio lehenengo jardunaldian zaudela zazpigarrengoan non egongo garen pentsatzen hastea, eta orain ere ez du balio ligaxka bukatzerakoan non egongo garen pentsatzen egoteak. Orain arte bezala segitu behar dugu, partidaz partida pentsatuz, ahal den puntu gehiena pilatuz, baina astero zentratuta asteburu horretako partidan. Oraingoz oso kontentu gaude, zazpi partidetatik sei irabazita. Ezin hobeto goaz, lider goaz, baina asteburu honetako puntuan pentsatzen ari gara eta horretarako entrenatzen ari gara.

Nola ikusten ari zara Zabaleta? Gaur egun dagoen atzelari osoena da?

Ezin da soilik momentuko postua kontuan hartu. Ikusi beharko dugu txapelketa bukatzean non amaitzen dugun eta orduan zer esaten den. Azken urteotan, Rezusta eta Albisurekin batera atzelari onena izaten ari da. Dudarik ez dago Jose Jabier momentu oso onean dagoela, baina ez gara ezer deskubritzen ari. Aurreko txapelketan sekulako lana egin zuen, eta orain bi urte txapeldun izan zen. Denborarekin gauza horiek ahaztu egiten dira, eta momentukoa bakarrik baloratzen aritzen gara denak. Nik uste dut Jose Jabier egiten ari den lana aipagarria dela, baina aurreko urteetan eta hilabeteetan egin duen lana ere berdin-berdin aipatzekoa da.

Zure burua nola ikusten duzu?

Betiko dudak izaten dira txapelketa berri hauetan, zure maila ahalik eta hoberen eman nahi baituzu. Orokorrean gustura nago egiten ari naizen lanarekin. Badakit atzean laguntza handia dudala: Jose Jabierrek aukera asko sortzen dizkit, eta azkenean, nire dohainak dituen pilotari batek hori behar du eta hori eskertzen du. Niri errematatzea gustatzen zait gehien, eta aukerak izaten ari naiz.

Eta nola ikusten ari zara orokorrean txapelketa bera? Ezustekorik izaten ari da?

Txapelketa oraingoz oso irekia ikusten da. Gainera, aurtengo sistemarekin oraindik eta irekiagoa geratzen da. Ezustekoak ere izaten ari dira. Aimar eta Urruti, eta Resuzta eta Irribarria hasieran faboritoxeago jotzen nituen orain ikusten ari dena baino, baina oraindik mundu bat geratzen da, itzuli oso bat geratzen da, eta oraindik ez dakigu inork non bukatuko dugun. Bestalde, Altuna eta Ladisekin, eta Artola eta Imazekin jendeak ez zuen hainbeste kontatzen, baina garbi ikusten da horrelako mailako txapelketan bikote guztiek asko jokatzen dutela, eta edozeinek daukala bolada on bat hartzea eta txar bat pasatzea.

Ligaxka lehen bi postuetan bukatuko duzuela uste duzu?

Hori da nahi duguna, baina partidaz partida zentratzea da garrantzitsuena. Ahalik eta azkarren ahalik eta puntu gehien lortu, eta partida onak egiten segitzen badugu, puntuak lehenago edo beranduago iritsiko dira. Helburua, orain gauden egoeran, lehen edo bigarren geratzea izan behar du.

Irudikatu duzu zure burua txapela jantzita?

Ez da egokia eta ez da ona nire buruarentzako horrelako gauzak irudikatzea. Txapelketa luzea geratzen da oraindik, eta finalerdietan sartuz gero beste hiru partida jokatu behar dira finalera iristeko... Nik uste dut akatsa izango litzatekeela hemendik hiru hilabetera zer gertatu daitekeen eta zer ez pentsatzen hastea. Momentukoari heldu beharra dago, eta gauzak ahalik eta ondoen egin: eskuak zaindu, gorputza zaindu, eta puntuak pilatzen joan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!