Garai bateko jantziak ikusgai jarri dituzte Lizartzako udaletxean

Irati Saizar Artola 2019ko abenduaren 18a

Bihar arte euskal jantziak ikusteko aukera izango da; erakusketa ixteko, hitzaldia eskainiko du Lurdes Esnaola lezoarrak jantzi horien inguruko informazioa eskainiz.

Garai bateko liburu eta argazkietan ikusitako euskal jantziak egitea du afizio Lurdes Esnaola lezoarrak. Denbora librean jostea gustatzen zaio, eta berak egindako jantziak ikusgai jarri ditu Lizartzako udaletxeko areto nagusian. Bihar arte, zabalik izango da erakusketa, 18:00etatik 20:00etara bitarte.

Erakusketan jarrita dauden jantziez gain, argazki zaharrak ere ikusgai jarri ditu jantziak nondik atera dituen ikusteko. Hori azaltzeko hitzaldia eskainiko du, bihar, 18:30ean, udaletxean. «Jendeak ideia bat egin dezan nahi dut, garai bateko baserritar jantziak nolakoak ziren, eta zein ezaugarri zituzten», esan du.

Dantza irakaslea da Esnaola, eta jostea «bizio» bilakatu zaiola dio: «Liburu zaharretatik kopiak atera, eta ahalik eta berdinen egiten saiatzen naiz». Emakume zein gizonen jantziak jarri ditu ikusgai, baina baita haurrenak ere: «Guk beti haurrak handien jantziekin jantzi izan ditugu, baina haurrak, haurrak dira».

Euskal jantziak mota askotakoak izan direla ikusi du: «Gaur egun gona eta blusa janzten ditugu, baina baziren soineko osoak ere; edota mantala gerriz beherakoa erabiltzen dugu, baina osokoak ere erabiltzen ziren».

Gerra garaian, beltz koloreko jantziak nagusitu zirela azaldu du: «Garai hartan trajeak asko ilundu ziren, baina, bestela, kolore asko ematen ziren». Erakusketan zehar, deigarri egiten da estanpatu ezberdinak konbinatuta daudela ikustea. «Loreak, arrastoak, tantoak, koadroak... ez du zerikusirik, edozein konbinazio egiten zen», dio Esnaolak. Garai bateko baserritarrek bi jantzi izaten omen zituzten: «Arrunta bata, lanerako, eta igandetakoa bestea, dotore dotorea». Erakusketan zehar, barruko arropak ere jarri dituzte ikusgai. «Nahiz eta azpiko arropak kanpotik ez ikusi, oso-oso landuak izaten ziren».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!