Lizartzako ostatua lehiaketa bidez esleituko du udalak

Irati Saizar Artola 2019ko aza. 28a, 16:59

Lizartza «herri bizi bat» izateko prozesuan, herriko ostatua «elementu garrantzitsuenetako» bat dela azaldu du Lizartzako Udalak. Orain arte zerbitzua eskaintzen aritu direnek utzi egin dute eta udalak lehiaketara atera du bere ustiaketa urtebeterako, bost urtera luzatzeko aukerarekin. Dokumentuak aurkezteko azken eguna abenduaren 9a izango da.

Tabernaz gain, jangela, aldagela eta biltegia barne hartzen ditu ostatuak. Ustiapen horrek sorrarazten dituen gastuak, besteak beste, garbitasun, argindar, ura, gasa, zaborrak eta estolderi gastuak esleipendunaren kontura izango dira.

Behin lehiaketa bukatuta, esleipendunak 1.000 euroko bermea jarri beharko du; 400 euro kontratua sinatzerakoan ordaindu beharko ditu eta, gainerakoan, lehen 12 hilabeteetan 50 euro ordainduta egin beharko du.

Bestalde, Lizartzako Udalak kanon bat kobratuko die ustiaketagatik kudeatzaile berriei: lehen urtean, 50 euro hilabeteko, bigarren eta hirugarrenean 100 euro eta laugarren eta bosgarrenean 150 euro.

Kontratuaren iraupena urtebetekoa izango da, eta urtero luzatu ahal izango da gehienez ere bost urtera iritsi arte. Eta betiere, bi alderdiek onespena ematen badute.

OINARRIZKO BALDINTZAK

Kudeatzaile berriak nahitaezkoa izango du euskararen ezagutza eta haren erabilera. Ordutegiari dagokionez, azarotik apirilera 10:00etatik 22:00etara ireki beharko da, eta maiatzetik urrira 10:00etatik 23:00etara. Asteko jai eguna asteartea izango da, eta oporrak abuztuko lehen 3 asteetan egin ahalko dira.

Beharrezko dokumentuak abenduaren 9rako aurkeztu beharko dira Lizartzako udal bulegoetan, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00etara bitarte.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!