Erik Jaka lau eta erdiko finaletik kanpo geratu da

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 2a, 19:58

Joseba Ezkurdiak 22-20 irabazi dio lizartzarrari Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu den finalerdian. Bihar, Bilbon, Jokin Altunak jokatuko du bigarren finalerdia, Unai Lasoren aurka. 

Egungo lau eta erdiko txapeldunaren aurka galdu du Erik Jakak, 22-20. Lehen mailako lehen finalerdia jokatu da arratsaldean Labriten. Ez da partida ona izan lizartzarrarentzat, eta hasieratik ikusi da hori. Txanponak sakea bere alde eman dio, baina lehen sake hori motz geratu zaio. Ondoren, 15-7koan, berriro sakea motz. Partida osoan ez du batere eroso jokatu Jakak, eta horren adierazle hutsak izan dira; guztira, 9. Egindakoak, berriz, 15. Kasta, ordea, soberan duela erakutsi du. 

Ezkurdiak ez du beste munduko partidarik jokatu, baina txapelduna zerbaitengatik da eta pilota indartsu mugitzen duela erakutsi du berriro ere, erritmo bizi-bizian aurkaria estutuz. Arbizukoak amaieran 13 tanto egin ditu, galduak, berriz, 5 izan ditu. 

Partida parekatua joan da hasieran, azkar. Bosnako berdinketaren ondoren Ezkurdiak tartea zabaldu du: 12-5. Abantailak lasaitasuna eman dio eta zulo horrekin jokatu du: 15-7; 19-12 eta 21-16. Tanto oso gogorrak jokatu dituzte bigarren zatian, bi pilotariak leher eginda utziz. Azpimarratzekoa izan da 18-12koa, Erik Jakak lortutakoa. Bi pilotariek kantxan etzanda amaitu dute tanto hori, arnasari buelta eman ezinik. Esan bezala, ordea, zuloa handiegia zen markagailua iraultzeko. Hala eta guztiz ere, osoago amaitu du lehia lizartzarrak eta arbizuarra, gorputzari buelta eman ezinik, gogotik estutu du azken tanto horietan. 

Azaroaren 10ean hirugarren eta laugarren posturako lehia jokatuko du Erik Jakak.

Bihar, Jokin Altunaren txanda

Lehen mailako lau eta erdikoaren bigarren finalerdia bihar jokatuko da Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Amezketarraren aurkaria Unai Laso nafarra izango da. Txapelketa handia egin du Lasok eta ez da aurkari erraza izango Altuna III.arentzat. Ez da ahaztu behar, Ezkurdia estu hartu zuen Lasok, garaipenetik tanto bakarrera geratuz. Bilboko jaialdia 17:00etan hasiko da. Amezketarrak irabaziko balu, iazko finala errepikatuko litzateke azaroaren 17an, Iruñeko Nafarroa Arenan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!