Argazki galeria

Amorruaren garaipena, eta finalerdietara

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urr. 27a, 20:56

Erik Jakak landutako garaipena lortu du Peio Etxeberriaren aurka, Lau Eta Erdiko Txapelketako final laurdenetako ligaxkako azken jardunaldian: 22-15. A multzoko bigarren postuan sailkatu da lizartzarra, eta ondorioz, Ezkurdiaren aurka jokatuko du finalerdia, larunbatean, Labriten.

Hil ala biziko partida zen. Irabazlea finalerdietarako sailkatuko zen; galtzaileak, berriz, etxerako buelta hartu beharko zuen. Oso ondo zekien hori Erik Jakak. Hala ere, ez da batere fin aritu, batez ere, lehen zatian. 2-6 aurreratu da Peio Etxeberria. Ondoren, seina berdintzea lortu du Jakak. Lan erdietara, gainera, alde politarekin heldu da: 11-7. Baina, Etxeberriaren erreakzioa etorri da gero, eta bost tanto egin ditu jarraian zenoztarrak, eta lehen atsedenaldi luzera, alde txikienarekin heldu da aurretik: 12-11.

Hurrengo tantoak oso borrokatuak izan dira, eta inork ez zuen lortzen markagailuan alde egitea: 15-15. Orduan etorri da Jakaren susperraldia eta Etxeberriaren beherakada. Azken zatian, indartsuago aritu da lizartzarra, eta aurrelari nafarrak ez du asmatu pilota mugitzen; lehen zatian oso ondo mugitu du pilota, Jaka kaiolako eremuko alde batetik bestera eramanez. Amaieran, gainera, Jakak,  geroz eta gehiago asmatu du sakearekin. 7 tanto egin ditu segidan eta hamabosgarren kintzetik hogeita bira joan da zuzenean. Azkenean, lizartzarrarentzat garaipena, eta finalerdietan aritzeko txartela.

Erritmo handiko partida izan da, eta ez du zerikusirik izan aurreko astean Altuna III.ak eta Jakak Eibarren jokatu zutenarekin. Gaurkoan, beste mota bateko tentsioa zegoen kantxan. Pilotakada ugariko tantorik ere ez da izan, eta partidako tantorik ederrena Jakaren hogeita batgarrena izan da, ezker boleaz ederki gurutzatutakoa. Guztira, 10 tanto egin ditu Jakak, eta bat gutxiago Etxeberriak. Nafarrak galdutako asko izan ditu: 12. Erikek, berriz, dozena erdi pilota galdu ditu.

Beste partida ezberdin bat

Buruz buruko txapelketak kontuan hartuta, lehen aldiz sartu da lau onenen artean Jaka. Hori dela eta, ulertzekoak izan dira partida amaieran, aurkariari bostekoa eman ondoren, amorrazioz beteta egin dituen hiru oihuak. "Gogo handiarekin" joan da Beotibarrera, "ilusioz gainezka", eta "pozik" zegoen garaipenagatik, baina, ez da gustura geratu gaurko partidarekin. "Aspaldi ez nuela gaur bezain gutxi jokatzen", aitortu du lizartzarrak. "Partidatik kanpo egon naiz une askotan, ez nuen asmatzen ez pilotari ematen, ezta kantxan kokatzen ere, eta burua gauza askotan nuen. Ezer egin gabe, tanto egiten zidala ohartu naiz. Gero, lasaitzea lortu dudanean, sakearekin min gehiago egin diot, eta errematatzeko aukerak hobeto aurkitu ditut".

Hurrengo partida, larunbatean jokatuko du Jakak, Ezkurdiaren aurka. Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko dute lehen finalerdia. Azken aldiz, ekainaren 23an izan ziren aurrez aurre modalitate honetan. Arbizun jokatu zuten San Fermin torneoko kanporaketa eta orduan etxeko pilotaria nagusitu zen 22 eta 17. "Ez du zerikusirik izango. Garrantzitsuena irabazi behar denean irabaztea da. Partida irabazi nahi badut, gaur baino dezentez gehiago jokatu beharko dut. Estimu handia diot Josebari, bai pilotari bezala, baita pertsona moduan ere. Eredu bat da, eta beraz, ilusio handia dut partida hori jokatzeko".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!