Aurten ezagutu du nolakoa den udaleko jarduna Iñaki Azpirozek (Lizartza, 1974). Lanerako gogo eta ilusiorik ez zaiela falta esan du, eta herritarrengandik gertu egoteko asmoz hasi da lanean.
Zerk animatu zaitu alkate kargua hartzera?
Aukera hau lehendik ere mahai gainean izan nuen, baina unea orain zela sentitu dut. Zerrendako lehen kideon artean edozein izan zitekeen, eta arrazoi nagusietako bat ordutegiaren malgutasuna izan da, gure kasuan, ez baitago liberaturik.
Zer moduz hasi zarete lanean?
Egia esan lan eta lan gabiltza. Batzorde eraketak, ludoteka, festak eta beste alorretako hainbat gairekin konturatzerako pasa zaigu uda. Esperientzia bizia, baina atsegina izaten ari da. Sei laguneko talde bikaina daukat alboan eta horrek lanen banaketarako garrantzi handia du. Ni bat gehiago naiz.
Datozen lau urteetarako zeintzuk dira proiektu nagusiak?
Gure lemarekin bat datozenak: Herri bizia, bizia duen herria. Eskola berritzearen gaia ezinbestekoa da: aurreko legealdietan oztopoak izan genituen uholde arriskuko gunea delako. Oztopo horiek gainditu nahi ditugu aukera berriak mahai gainean jarriz. Horrek, Lizartzako hirigintzaren mapa erabat aldatu dezake. Bestetik, Alondiga eraikina eraberritzea, Tolosarekin elkartuko litzatekeen bidegorria edota herriko argindarra energia berriztagarriekin hornitzea ere mahai gainean ditugun proiektuak dira.
Baduzue besterik?
Herri solidarioa eta integratzailea ere badira gure proiektu nagusiak, eta noski, emakumeen ahalduntzea ahaztu gabe. Gaur egungo eta atzetik datozen belaunaldiek Lizartzan bizitzeko herri eroso eta erakargarria izatea nahi dugu, betiere ingurune jasangarri batean. Askotan, proiektu nagusiak eraikin eta horrelakoekin lotzen ditugu, baina benetako lana herriko talde, gazte eta gainerako herritarrak aktibatu eta dinamizatzean datza.
Proiektu txikiagoek ere badute lekua.
Hauek ere guretzat garrantzi handikoak dira. Adibidez, Aisa programaren bitartez atzerritarrek euskara ikasteko sei laguneko bi talde osatu ditugu; bertso eskola ere sortzera goaz. Azpiegiturei edo hirigintzari dagokionez, frontoi ondoko edo elizaldera doazen eskaileren obra, zenbait baserri pisten berritzea edo liburutegian zenbait moldaketa lantzen ari gara.
Inguruan industria duen herria da Lizartza. Zer balorazio egiten duzue?
Inguruan eta Lizartzan bertan ere badugu industria. Gertutik jarraitu nahi dugun gaia da. Beraiekin egon eta gertukoak izan nahi dugu. Enpresak erakarri eta daudenekin elkarlana sustatzea da asmoa, herritarrek bertan lan egin dezaten.
Zein da Lizartzaren argazki orokorra?
Herriaren egoera osasuntsua dela uste dut, baina egia da urte guztiak ez direla berdinak izaten eta jaiotze tasak ere gorabeherak izaten dituela. Azken bi hamarkadetan antzeko joera izan dugu eta etorkizunari begira, joera horri eutsi edo handitzea ezinbestekoa da.
Zer esan nahiko zenieke lizartzarrei?
Orain arte gertukoak izan garela eta gertukoak izaten jarraitu nahi dugula. Lanerako gogo eta ilusiorik ez zaigu falta, baina benetako aktiboak herritarrak beraiek dira. Auzolanean, denon artean herri hau bizi eta biziagoa izateko lan egin behar dugu.