Lizartzan kokatu du Agour enpresak hirugarren gaztandegia

Ataria 2019ko urriaren 1a

Ossau-Iraty marka duen gazta egiteaz gain, Idiazabal gazta ere egingo dute; «bertako ekonomia sustatzea eta Tolosaldean enplegu jasangarria sortzea» da asmoa.

Lizartzako Irunzubi industriagunean aurki daiteke Agour enpresaren gaztandegi berria. Gaur goizean egin dute irekiera ekitaldia, eta asmoen berri azaldu dute gaztandegiko ordezkariek.

Ipar Euskal Herriko Heletan eta Iratin zituen Agourrek orain arteko bi gaztandegiak, eta hirugarren bat izango dute Lizartzan. Irekiera ekitaldian hainbat erakundetako ordezkariak elkartu dira: Peio Etxeleku, Agour gaztandegiko presidentea, Jon Ander Torrea, Agour gaztandegiko zuzendari orokorra, Iñaki Azpiroz, Lizartzako alkatea, Jose Mari Ustarroz, Idiazabal Jatorri Izendapeneko lehendakaria, Xabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendaria, eta Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak.

Gaztandegi berriak Tolosaldean izan lezakeen «inpaktu positiboaz» aritu dira. «Gure gaztandegiaren irekierak enplegu berriak sortuko ditu, eta, orotara, hamabi lanpostu sortzea aurreikusten da lau urteko denboraldian. Horrez gain, hegoaldeko ardi esnea bertan hartuko dugu, beraz, Tolosaldearentzat onura sozioekonomikoak ekarriko ditu gure gaztandegiak», zehaztu du enpresako lehendakariak.

Lizartzan, gainera, gazta mota berriak egiten hasiko dira. Orain arte Ossau-Irati izendapendun gazta soilik egiten zuten, eta irekiera honekin, Idiazabal gazta ekoizten hasiko dira. «Horrela, lehenak izango gara bi jatorri izendapeneko gaztak egiten; izan ere, esperimentazioa eta berrikuntzaren aldekoak gara; horren adibide, gazta urdina ekoizten ere hasiko gara», azaldu du Etxelekuk.

Gaztaz harago, urdaiazpikoak eta hestebeteak ere ekoizten dituzte, baita artisau azkenburukoak ere. Industriagune berean aurkitzen den Casa Eceiza ere Agour taldearen barnean dago. Euskal gastronomiaren «funtsezko produktuak» biltzen ditu Agourrek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!