Oinez, elkartasuna adieraziz

Irati Saizar Artola 2019ko ira. 20a, 11:57

Bihar izango da Mendiz Mendi Etxera ibilaldi neurtua Lizartzan; egunean bertan izena eman daiteke.

Bosgarren urtez jarraian antolatu dute, Lizartzan, Mendiz Mendi Etxera mendi ibilaldia. Larunbat goizean izango da eta, Nagore Esnaola antolatzaileak azaldu duenez, prest dute guztia: «Zer eguraldi egingo duen jakitea falta zaigu, baina, zorte pixka batekin, ona egitea espero dugu».

Lizartza inguruko mendiak ezagutzeaz gain, helburu jakin bat du mendi martxak: «Preso ditugu Garikoitz Etxeberria eta Aitor Agirrebarrena herritarrak, herritik ia 4.000 kilometrora, eta haiekiko eta haien senideekiko elkartasunez egiten dugu mendi martxa». Azken martxa noiz izango zain dira antolatzaile eta senideak, «ederra izango litzateke hori, baina nik uste, oraindik jarraitu beharko dugula hau antolatzen», dio Esnaolak.

Aurten ere lau ibilbide egingo dituzte. Ibilbide luzeena 35 kilometrokoa izango da, 2.200 metroko desnibelarekin; ibilbide ertainak 18 kilometro izango ditu eta 1.100 metroko desnibela, eta, iaz gazteentzako lehen aldiz prestatutako ibilbidea, 10 kilometrokoa; azkenik, famili giroan egiteko 3 kilometroko ibilbidea prestatu dute.

Ibilbide luzekoak 07:00etan abiatuko dira; ertainekoak 08:00etan; gaztetxoak 09:30ean eta ibilbide motzekoak 10:30ean.

Ibilbideetan barrena anoa guneak izango dira, jan-edanekin: «Fruta jarriko dugu, baita bizkotxo eta txokolatea ere; edatekoa ere izango da. Hala ere, beti gomendatzen dugu norberak jateko zerbait eramatea». Anoa gune horietan, ibilaldian izena eman duten horiek txartela erakutsi beharko dute.

Ibilaldia neurtua denez, gomendio bat du Esnaolak parte hartzaileentzat: «Oinez egitea gomendatzen dugu, eta, norbaitek korrika egiteko asmoa badu, aurrez abisatzea gustatuko litzaiguke, kontrol guneetakoek jakin dezaten».

Ibilbide amaieran, Lizartzako plazan, mendizale zein herritarrentzat arroza prestatuko dute, bere osagaiekin, eta haurrentzat makarroiak jarriko dituzte. Azken urteetan ia 500 pertsona elkartu direla gogoan du Esnaolak «herri bazkari erraldoi» horretara. Aurten, gaztetxoenentzat puzgarri eta ohe elastikoak jarriko dituzte, plazan bertan.

Martxa amaitu berritan, parte hartzaileen artean hainbat sari zozkatuko dituztela ere aurreratu du Esnaolak: «Orexako eta Lizartzako ostatuek eta Joxe Mari tabernak ematen dituzte sariak, eta Mahalako produktuak eta Lezaetako ogia ere zozkatzen ditugu. Baina, garrantzi bereziagoa duten sariak ere izaten ditugu: Gari eta Aitor presoek egindako zenbait eskulan». Bazkalostean, berriz, urdaiazpikoa eta gazta zozkatuko dituzte.

Ibilaldian parte hartu nahi duenak egunean bertan aukera izango du izena emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!