Masailak gorritu arte gozatu dute sagardoaz Lizartzan

Ataria 2019ko irailaren 14a

Euskal Herriko V. Sagardo Txapelketa Herrikoiaren kanporaketa jokatu da gaur Lizartzan. Epaileak han eta hemendik etorritako herritarrak izan dira. Tartean, sagardo ekoizleak ere egon dira puntuak banatzen. 

Lizartzako Txirrita Elkartean giro ederrean elkartu dira gaur sagardozaleak. Euskal Herriko txapelketa herrikoian epaile lanetan aritu dira. Horretarako, aurrez izena eman beharra zegoen. Donostiatik, Oiartzundik, Errenteriatik, Villabonatik eta nola ez, Lizartzatik joandako bazkaldarrek dastatu eta epaitu dute sagardoa. Guztira 10 sagardo botila jarri dizkiete aurrean antolatzaileek. Etiketarik gabe, zenbaki batekin bakarrik. Bosnakako taldeetan antolatuta, herritar epaileak sagardo bakoitzari nota bat eman behar izan dio, 5 eta 10 bitartean. Ondoren, talde bakoitzaren puntu kopurua jaso dute kontu hartzaileek. Lizartzakoa bigarren kanporaketa izan da, lehenengoa atzo Adunan jokatu baitzen. Hurrengo bi kanporaketak Orion eta Zornotzan jokatuko dira, eta 20 finalisten arteko lehia, Usurbilen. 

Parte hartzen ari diren sagardotegien zerrenda:

Aburuza (Aduna), Aginaga (Usurbil), Akarregi (Hernani), Alberro (Hernani), Alorrenea (Astigarraga), Añota (Azpeitia), Araeta (Zubieta), Astarbe (Astigarraga), Astiazaran (Zubieta), Beltzenia (Urruña), Bereziartua (Astigarraga), Calonge (Donostia), Egiluze (Errenteria), Eguzkitza (Tolosa), Ekain (Zestoa), Elutxeta (Urnieta), Etxeberria (Astigarraga), Eula (Urnieta), Gaztañaga (Andoain), Goikoetxea (Lizartza), Iparragirre (Hernani), Irigoien (Astigarraga), Itxasburu (Hernani), Izeta (Aia), Larrarte (Astigarraga), Larre-Gain (Hernani), Lizeaga (Astigarraga), Oianume (Urnieta), Oialume Zahar (Astigarraga), Oiarbide (Astigarraga), Oiharte (Zerain), Ola (Irun), Ordo Zelai (Oiartzun), Otsua Enea (Hernani), Petritegi (Astigarraga), Rezola (Astigarraga), Rufino (Hernani), Satxota (Aia), Setien (Urnieta), Tximista (Ordizia), Urdaira (Usurbil), Uxarte (Zornotza) eta Zabala (Aduna).

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!