Mendiz Mendi Etxera mendi ibilaldia irailaren 21ean izango da

Ataria 2019ko abuztuaren 19a

Neurri ezberdinetako lau ibilbide prestatu dituzte aurten ere, eta izen emateak zabaldu dituzte dagoeneko kirolproba.com atarian.

Bosgarren urtez jarraian antolatu dute Lizartzan Mendiz Mendi Etxera mendi ibilaldia. Irailaren 21ean izango da, eta dagoeneko ireki dute izena emateko aukera kirolproba.com helbidean. Bestalde, Lizartzako plazan ere izango da horretarako aukera, honako egunetan, 20:00etatik 21:00etara bitarte: irailaren 13,16,18 eta 19an.

Lizartza inguruko mendiak ezagutzeaz gain, preso lizartzarrei eta haien senideei elkartasuna adierazteko ibilaldia izango dela azaldu dute antolatzaileek. Aurten ere, lau ibilbide egingo dituzte. Ibilbide luzeena, 35 kilometrokoa izango da, 2.200 metroko desnibelarekin; ibilbide ertainak 18 kilometro izango ditu eta 1.100 metroko desnibela, eta, gazteentzat, 10 kilometroko ibilbidea antolatu dute; azkenik, famili giroan egiteko 3 kilometroko ibilbidea prestatu dute eta haiek ere kontrol txartela izango dute.

Lau ibilbideetan hainbat anoa gune egongo dira, eta ez da jateko nahiz edatekorik faltako. Ohiturari jarraituz, helmugan, mendizale zein herritarrentzat arroza bere osagaiekin prestatuko dute, eta haurrentzat makarroiak jarriko dituzte. Parte hartzaileen artean hainbat sari zozketatuko direla ere aurreratu dute, eta gaztetxoenentzat puzgarri eta ohe elastikoak jarriko dituzte plazan bertan.  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!