Garikoitz Etxeberria preso lizartzarra etxera ekarri dute seme jaio berria ezagutzera

Tolosaldeko Ataria 2019ko abu. 13a, 11:10
@ekilizar

Sevillan dute preso eta 1.000 kilometroko bidea egiteko 10 eguneko bidaia eginarazi diote; Lizartzan, Alai seme jaio berriarekin, ordubete baino ez zioten egoten utzi

Sare herritarrak ohar baten bidez haur jaio berriari ongi etorri eman nahi izan dio, eta aldi berean adierazi du haur honek bere gurasoekin Euskal Herrian egon behar duela. "Alai jaio da, beste motxiladun haur bat gehiago".

Aita, ama edo biak espetxean dituzten haur eta nerabeak motxiladun haur bezala ezagutzen dira Euskal Herrian. Sare herritarrak adierazi duenez, "preso duten gurasoaren hutsunearekin egin behar izaten diote aurre egunerokotasunari; eta gainera, eurekin egon ahal izateko milaka kilometrotako bidaiak egitera zigortzen dituzte hilero". Sare herritarrak aipatu du, Garikoitzen semeak, Alaik, aitarekin egon ahal izateko 1.000 kilometro joanean eta 1.000 kilometro itzulian egin beharko dituela.

Gaur egun, motxiladun haurrak 113 dira eta horien artean badira euren amarekin preso bizi diren txikiak ere. Sarek, lanketa hau hasi zuenetik egin duen moduan, "urrunketa politika honek haurrei eragiten dien estres, antsietate eta bestelako arazoak argitara ekarri eta salatu nahi ditu, haur hauek inolako arrazoirik gabe zigortuak izaten ari direlako".

Horretarako, gaur egun oraindik euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legediarekin amaitzeko aktibatzea ezinbestekoa dela uste du Sarek,  "haurrek inolako zigor atxikirik izan ez dezaten, euren aita, ama edo biei ezarri zaien zigorrarekiko independenteki". Presoen eskubideen aldeko sareak lanean jarraituko duela adierazi du motxiladun haurrek euren gurasoekin hazi eta hezteko eskubidea bermatzeko bidean. "Elkarbizitzan eta benetako bakean oinarrituko den etorkizun koloretsua eraiki nahi dugulako, korapiloak askatzeko unea da. Denok batera ekiteko ordua".

Familiakoak nahiz herritar ugari inguratu ziren igandean Garikoitz Etxeberriari elkartasuna adieraztera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!