Erik Jakak 28 minututan irabazi dio Irribarriari

Ataria 2019ko ekainaren 17a

San Ferminetako lau eta erdiko txapelketan 8-22 irabazi dio lizartzarrak buruz buruko txapeldunari. Lehen hiru tantoetan bakarrik izan zen lehia. Hortik aurrera, Jakak erraz nagusitu da 30 minutu iraun ez duen partidan.

Ostiralean Iñaki Artolak Mikel Urrutikoetxearekin egin bezala, igandean, Erik Jakak buruz buruko beste finalista lau eta erdiko San Fermin Txapelketatik kanpo utzi zuen. Emaitza argia eta argigarria izan zen: 8-22.

Partidako lehen tantoetan borroka egon zen baina hortik aurrera Jaka erabat nagusitu zen. Sakearekin hiru tanto lortu zituen lizartzarrak, eta jokoan, 12; lau kale besterik ez zituen egin. Irribarriak lau tanto eta 7 hutsegite egin zituen. Beasainen jokatu zen partidak 28 minutu eta 45 segundoko iraupena izan zuen.

Final-zortzirenetako kanporaketa gaindituta, Joseba Ezkurdiaren aurka jokatuko du orain Erik Jakak. Iñaki Artolak Bengoetxea VI.a izango du aurkari final-laurdenetan, eta Jokin Altunak, Elezkano kaleratu zuen Peio Etxeberria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!