Elisa Agirre: "Herri txikietan lan egitea oso gertukoa eta etxekoa da, familiak eta ingurua ezagutzen baititut"

Irati Urdalleta 2019ko martxoaren 24a

Orexa, Gaztelu eta Lizartzako erizaina izan da Elisa Agirre 40 urtean. 22-23 urterekin iritsi zen bertara, eta orain, erretiroa hartuko duela eta, omenaldia egin diote Lizartzan.

40 urte hauetan asko aldatu al da lan egiteko modua?

Bai. Hala ere, herri txiki bat denez, nik berdintsu jarraitu izan dut. Orokorrean, anbulatorio mailan asko aldatu da. Lehen jendearekin harreman gehiago izaten zen, gehiago ikusten ziren jendearen beharrak. Orain, berriz,teknikoagoa da, baina ez lehen bezain gertukoa. Nire egoera, ordea, berdina da hasi nintzenean eta orain. Oso gertukoa eta etxekoa da, familiak eta ingurua ezagutzen baititut.

Herri txikietan lan egitean zein abantaila eta desabantaila dauzka?

Abantailei dagokienez, asko ikasten duzu herriko jendearengandik. Niri balore asko dituen jendea tokatu zait eta erantsi egin didate. Desabantaila bat, berriz, ardura gehiago edukitzea da, zuk bakarrik daramazulako guztia. Gertutasunak, aldi berean, beraiekin oso konprometituta egotea ekartzen du.

40 urte hauetan momentu onak eta momentu txarrak biziko zenituen. Zein dituzu gogoan?

Momentu on asko izan ditut jendeari poza ematerakoan. Beraientzat poztasunak izan direnean niretzat ere izan dira. Momentu tristeenak, berriz, jendearen heriotzarekin izaten dira, niretzat ia familiakoak bezala izaten direlako.

Herritarren aldetik horrelako omenaldi bat jasotzeak zer suposatzen du zuretzat?

Nire laneko urte guztien aitorpen bat da, aitorpen zintzo bat. Ez dator enpresaren aldetik, pertsonalagoa da, tratatu dudan jendeak egin baitit. Niretzat oso garrantzitsua da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!