"Egunean zortzi orduz jotzen genuen soinua txapelketa bezperetan"

Irati Saizar Artola 2019ko mar. 22a, 20:00

Hamazazpi urte zituela, esku soinuarekin, munduko txapelketan bigarren geratu zen, eta musika eskola bat irekitzea erabaki zuen ondoren, Tolosan. Ordu ezkero, berak ikasten duena ondorengoei irakasten ari da.

Txiki-txikitatik musika pasioz bizi izan du Jesus Mari Esnaola Xoane-k (Lizartza, 1958), eta hala jarraitzen du gaur egun ere. Ikasteko gogoak eraginda, akordeoia, pianoa, gitarra, txistua, dultzaina eta beste jotzen ditu. Pianoa eta gitarra irakasten ere aritzen da gaur egun, bere musika eskolan, Tolosan. Musikari bat irits litekeen esparru gehienetara iritsi da: kontserbatoriotik pasatu, esku soinuarekin Munduko Txapelketetan parte hartu, abestiak konposatu, disko bat grabatu, abesbatza bat zuzendu eta ondokoei berak dakien guztia irakatsi. Hori eta gehiago egin du lizartzarrak.

Nondik datorkizu musikarekiko zaletasuna?

Umetan sartu nintzen musikaren munduan. Asko gustatzen zitzaidan, eta gurasoak ere, nonbait, konturatu egin ziren horretaz. 8 urterekin Tolosara bidali ninduten solfeoa ikastera, eta hor hasi zen guztia. Gero, akordeoia jotzeari ekin nion 11 urterekin. Pixkanaka, baina geratu gabe aritu izan naiz. Pianoa jotzen ikasi nuen jarraian, eta gitarra ondoren.

Gaur egun, zuretzat zer da musika?

Musika nire ofizioa eta afizioa da gaur egun. Nire bizitza dela esango nuke. Pasio bihurtu da afizioz hasitakoa, eta oso-oso gustura nabil mundu honetan. Saiatu naiz, gainera, nire ingurukoei ere horixe bera erakusten eta niretzako hain ederra izan dena nolabait transmititzen.

Ikasketek garrantzi handia izango dute formazioan, ezta?

Bai, bai. Tolosan hasi nintzen solfeoa ikasten, Salustiano Balzarekin. Gero, Joxe Tarragona izan nuen irakasle akordeoiarekin. Donostiako kontserbatoriora joan nintzen gero eta akordeoia ikasten jarraitu nuen han. Armonia eta gauza horiek guztiak ikasi nituen Francisco Escuderorekin, eta pianoa ikasten ere aritu nintzen Jose Kruz Mujikarekin. Gitarra ikasteko tartea ere hartu nuen Jose Angel Ibarrarekin. Pixkanaka-pixkanaka osatu nintzen kontserbatorioan.

Makina bat instrumentu menderatzen dituzu, beraz.

Bai, multinstrumentista naiz. Azken urteotan pianoa jotzen ari naiz gehien, baina denetik jotzea tokatu izan zait. Izan ere, herri txikia da Lizartza, eta hainbat instrumentu faltan sumatu izan genituen batzuetan.

Adibide bat jartzearren, dantza talderako dultzaineroak falta ziren, eta dultzaina jotzen ikasi genuen herriko batzuek. Txistulariak falta zirela? Bada, txistua jotzen ikasten genuen. Saltsan ibili izan naiz beti.

Herriari musika jartzen aritu izan zara, beraz?

Herriko beharrak betetzen aritu izan gara, bai. Eta gaur egun ere hortxe ibiltzen gara.

Zure kasua aintzat hartuta, musikatik bizi daitekeela esango zenuke?

Bai; tira, nire kasuan, irakaskuntzatik. Bizitza guztian musikatik bizi izan naiz ni, eta horretan nabil gaur egun ere. Ikasi nuen musika eskola berean hasi nintzen lanean, Donostian, Mikel Bikondoarekin. 11 urtez aritu nintzen han lanean. Ondoren, neure kontura ireki nuen musika eskola, Tolosan. Nire iloba bat, Maribi Urruzola, Parisen ari zen musika ikasten, eta handik etortzean, Esnaola eta Urruzola musika eskolako ateak ireki genituen, Orduz geroztik, hor gabiltza buru-belarri lanean.

Zenbat ikasle dituzue?

Asko. Ez nuke jakingo esaten zenbat diren. Normalean, jendea gelditzen da itxaron zerrendan. Irailean hasten dugu ikasturtea, eta bizpahiru asterako beteta izaten ditugu kurtso guztiak.

Zein eskaintza daukazue?

Pianoa eta gitarra irakasten ditut nik, eta akordeoia eta trikitia ilobak.

Gazteek ba al dakarte musikarekiko zaletasun hori?

Gaur egungoek, diru aldetik, badute ikasteko modua. Garai batean ez geneukan halakorik. Baina, bestalde, oso denbora gutxi daukate gaur egungo gazteek. Hain lotuak daude beste zeregin batzuetara, eta hainbeste gauza egiten dituzte, non denbora gutxi daukaten musikan murgiltzeko. Guk, garai batean, gauza bakarra egiten genuen eskolaz kanpo eta hartan aritzen ginen buru-belarri. Ezberdina da orain, aukerak ere izugarri baitauzkate.

Musika sortu ere egiten duzu, ezta?

Bai, tarteka. Adibidez, abesbatza txiki bat daukagu Lizartzan, eta gertatu izan zaigu taldeari egokitzen zaion kanturik ezin bilatu izana. Bada, egokitu egiten ditut kasu horietan. Txistulari talde bat ere badugu herrian, Lizardi izenekoa. Betiko kalejirak jo beharrean, asmatu egiten ditugu; izan kalejira, fandangoa edo arin-arina. Hala, errepertorio propioa daukagu herrian.

Lizartza herri jantzia al da musika arloan?

Nahikoa talde ditugu hain txikia izateko: txistulari taldea, dultzaina jotzaile taldea, trikitiak eta metalezko boskote batek osatzen duten Karobitxulo taldea, herriko txaranga, eta duela ez hainbeste sortutako abesbatza. Zentzu horretan, herriak badu mugimendua. Hori bai, festari lotuta aritzen gara beti. Bertako musikariok egiten ditugu dianak, kalejirak eta gainerakoak; horretan saiatzen gara, behintzat.

Disko bat ere kaleratu zenuten inauterien inguruko doinuekin.

Lizartzako inauteriak berreskuratzen hasi zirenean, eta orduan ni ez nintzen Lizartzan bizi, kantu bat eskatu zioten Kaxianori; hark bertso batzuk egin zituen inauterien bueltarako. Abesti bat sortu zuen eta izugarrizko arrakasta izan zuen herrian. Garai hartan, festarako gogoz zegoen jendea, eta giro ona zegoen herrian. Hurrengo urtean Lizartzara bueltatu nintzen bizitzera, eta hori ikusita, kantu batzuk egitea proposatu nien elkarrekin ibiltzen ginen lagun musikariei. Beste musikarien piezak jo beharrean, gureak sortzeko aukera polita geneukala ikusi genuen.

Herriko musikariok konposatu genituen abestiak, eta dozena bat kantu osatu genituen. Letra ere badaukate, lagunek apropos inauteri girorako sortutakoa. Hasiera batean, festarako bakarrik egin genituen kantu haiek, baina batzordetik grabatzeko gonbidapena egin ziguten ondoren. Atzera egin nuen hasiera batean. Izan ere, gauza garrantzitsua da disko bat kaleratzea, eta zaleak besterik ez ginen horretan genbiltzan gehienak. Baina animatu egin ginen azkenerako. Hori bai: kantu horiek diskoan kalean entzuten ziren modu berean jasotzea nahi genuen guk, efektu berezi eta artifizialik gabe. Imanol Aranbururekin jarri nintzen harremanetan —Hegan taldean pianoa jotzen zuen garai batean—, eta haren Hernialdeko estudio txiki batean aritu ginen grabazio lanetan. Horrela grabatu genuen disko xume hura, duela hogei urte inguru, eta doinu haiek iraun egiten dute oraindik.

Bereziki gogoan al daukazu zure musika ibilbideko etaparen bat?

Oso luzea izan da ibilbidea. Hainbat etapa izan dira, eta hala bizi izan ditut. Txapelketetan aritu nintzen 14 urtetik 17ra, klasikoaren munduan, eskusoinuarekin. Hiru aldiz parte hartu nuen Munduko Txapelketan. Beraz, bidaiatu ere egin nuen denboraldi hartan. Hiru urte bakarrik izan ziren, baina intentsitate handikoak izan ziren.

Hiru aldiz sailkatu nintzen Espainiako selekziorako. Lehen urtean, bosgarren gelditu nintzen Caldas da Rainhan (Portugal). Hurrengo urtean, hirugarren postua lortu nuen Recanatin (Italia). Eta 17 urterekin, bigarren egin nuen Bartzelonan (Herrialde Katalanak). Lanean hasi nintzen ondoren eta utzi egin nituen txapelketak. Izan ere, Munduko Txapelketan parte hartzen nuenean, azken bi hilabeteetan egunean zortzi orduz jotzen nuen soinua. Eliteko kirolarien pareko prestakuntza eskatzen zuen, eta halaxe prestatzen ginen gu; obrak ere oso luzeak izaten ziren. Denbora asko eskaini behar izaten nion, eta, behin lanean hasita, ez nuen izaten ezertarako denborarik. Ezinezkoa zen, eta bukatutzat eman nuen etapa hura.

Zuk zeuk jotzea baino gehiago gustatzen al zaizu instrumenduak jotzen irakastea?

Dena gustatzen zait, irakastea ere bai. Oso-oso polita da, baina, aldi berean, zaila; ikasle asko dituzunen jendea motibatzea kostatzen da bereziki. Baina beti egoten dira gogotsu dauden ikasleak, eta gustura aritzen naiz horiekin.

Zuk kutsatuta edo, baina familiako kideek ere oso presente dute musika.

Horretan saiatu naiz, bai. Niretzat hain izan da polita musika… Guztia eman dit, eta pasio hori kutsatzen edo, gutxienez, irakasten saiatu izan naiz. Aukera izan dezatela, behintzat, ezagutzeko. Nire familian, alabek bakarrik ez, iloba guztiek ere instrumenturen bat jotzen dute gaur egun; bakoitzak bere neurrira, noski.

Irudika al zenezake musikarik gabeko bizitzarik?

Ez dakit, zaila egiten zait. Inoiz ez dut pentsatu horretan.

Zer eduki behar da musikaria izateko?

Musikari mailaren araberakoa da hori. Dohain asko behar dira bertute handiko musikaria izateko, baina belarri pixka bat edukitzea nahikoa da musikaz disfrutatzeko eta normal jotzeko. Baina gustatu egin behar zaizu batez ere, eta, normalean, asko gustatzen zaio erraztasuna duenari, erraz ikasten baitu. Beste gauza bat da goi mailako musikaria izan nahi izatea. Belarri ona izateaz gain, psikomotrizitate aldetik ere malgua behar du izan kasu horretan. Gogoan dut, behin, irakasle batek ikastaro batean esandakoa: “Auto bat gidatzearen parekoa da musikari batek dohainak izatea edo ez izatea; edonor atera daiteke errepidera, baina gutxik gidatuko dute Fernando Alonsok bezala”.

Inoiz izan al duzu musikari erreferenterik?

Asko eduki izan ditut. Ez nuke jakingo bat esaten. Musika ezberdin asko entzuten dut, eta oso garrantzitsua da hori. Jarraipena egin behar zaie sortzaileei eta interpretazio lanean ari direnei. Irakasle batek behin esan zidan instrumentistok joera dugula musika entzutean gure instrumentu bera soilik entzuteko, eta hori ez dela ona. Gomendio ona eman zidan. Adibidez, piano jotzaile batek asko ikas dezake gitarra edo tronpeta jotzaile batengandik. Asko ikasten da horrela. Eta ez instrumentuekin bakarrik; gauza bera gertatzen da musika estiloekin.

Zein norabidetan doa gaur egungo musika?

Oso musikari onak daude Euskal Herrian, bai klasikoan, bai modernoan; gero eta hobeak, gainera. Gertatzen dena da, lan gutxiago dagoela emanaldietan. Oso goian daudenentzat badago, baina esparru zail bat dago tartean. Baldintza txarretan aritu behar izaten du batek baino gehiagok. Talde asko dabiltza tabernetan musu-truk jotzen. Guk berbenetan jotzen genuen gaztetan, eta diru pixka bat irabazten genuen. Gaur egun, ordea, oso gutxi kobratzen dute; eskaria ere gutxiago dago.

Zuzeneko musikari eustearen aldekoa al zara zu?

Bai. Zorte handia izan dut nik, horretan lagundu izan didan jende asko eduki baitut inguruan. Izan ere, oso aspergarria da bakarrik aritzea. Musika disfrutatzeko denez, ondo pasatzen dugu lagun artean gaudenean ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!