Sega pikatzeko makina elektrikoa, asmakizun «txundigarria»

Asier Imaz 2018ko urr. 24a, 09:08

Joxe Antonio Altuna Arruabarrena lizartzarrak, aitari laguntzeko asmoz, sega pikatzeko makina elektrikoa sortu zuen; orain hasi da zeresana ematen.

Aitari laguntzeko asmoz, duela 38 urte, tramankulu bat jarri zuen martxan; «poteka ihes egiten zion», ordea. Asmakizuna ganbaran geratu zen baserriko beste hainbat lanabesekin batera. Lanabesa traste bilakatu zenean, handik «ezkutatzeko» garaia iritsi zitzaiola esan zioten Joxe Antonio Altuna Arruabarrena Juangi-ri. Lizartzarrak, ordea, bere sorkuntzak maite ditu, eta ilunpe batetik bestera mugitu zuen. Lizartzako inauteriak iritsi arte. «Iaz izango zen. Herritar bat etorri zitzaidan traste zaharren bat erakusteko izango nuela esanaz». Orduan ikusi zuten herritarrek sega pikatzeko makina elektrikoa, eta orduan hasi zen bere bidaia, oraindik amaitu ez dena.

Juangi-ri asmatzea gustatzen zaio. Asko gainera. «Hauxe da gustatzen zaidana», errepikatzen du garden behin eta berriz. Bere Lizartzako etxea, zentzu horretan, museo eta laborategi baten tankerakoa da. Iskin bakoitzak dauka bere kontakizuna: sagardo kupelak, sagardoa ateratzeko makina elektrikoak, elkarteko mahaiak, kanpoko parrilak, katiuska kranpoidunak, egurra mozteko makinak, kanpoko aizkorak… Alde batera edo bestera begiratu, denak du bere trukoa.

Garajean motor bat dago. Alde guztietatik begiratu ondoren…, bai, zaharra da, bere historia izango du, baina ez da edozein moto zaharrek duenaren desberdina izango. Ziur. Hala eta guztiz ere, ikusitakoak ikusita, hobe poliki-poliki joatea: «Joxe Antonio, motoa ere badaukazu!». «Bai, bi moto elkartuta sortu nuen moto hori». Printze Txikia liburuko pertsonaia nagusia da Joxe Antonio Altuna Arruabarrena. Lizartzako eskolako haurrek herrian bertan dute imajinazioarekin zer egin daitekeen ikasteko aukera paregabea.

Joxe Antonio Altuna Arruabarrena 12 urterekin joan zen Lizartzako Juangi baserritik Loiolara, ikastera. Oraindik etxean dauka garai hartan bere eskuekin egin zuen metala mozteko zerra. Mekaniko bezala Tolosan lanean ibili ondoren, Lizartzako Insalus-en aurkitu zuen lana. Erretiroa bertan irabazi zuen. Egun, 70 urte ingururekin, Legorreta eta Lizartza artean bizi da. Mendizale amorratua, eskulanak dira eta izan dira bere afizioa: asmakizunak. Horrela sortu zuen sega pikatzeko makina elektrikoa, duela ia 40 urte.  

Sega pikatzeko makina

Lizartzako inauterietan, trasteak asmakizun izaera berreskuratu zuen herritarren begiradapean. Ahoz aho, sega pikatzeko makina elektrikoaren oihartzuna zabaltzen joan zen, segalarien eta herri kirolen mundura iritsi arte. «Duela pare bat hilabete Anoetan sega apustu bat egin zuten, Joakin Garmendia tartean zela. Makina hara ematea nahi zuten, erakustaldi bat egiteko edo». Aitarekin izandako esperientzia kontuan hartuta, makinari aulki bat jarri zion atzeko zatian, bere gainean eseri eta pisuarekin ihes egin ez zezan.

Anoetan lanean ikusi zuten makina. Juangi bera ikusleen artean zegoen, «urruti». Kritikak, ordea, belarrira iritsi zitzaizkion. «Eta arrazoia zuten. Sega alderantziz jartzen zen txingudearen gainean, hau da, zorrozteko aldea barrura begira. Sega pikatzean, kanpora edo zure aldera begira jartzen da segaren barruko aldea. Orduan, txingudea mugitzea erabaki nuen. Orain, sega barrutik sartzen da eta kanpora begira geratzen da txingudearen gainean». Aldaketa hori eginda, joan den astean Leaburuko Azokara eraman zuten makina.

Bertatik, beste kritika batekin itzuli zioten etxera: «Mailuak txingudea jotzen duenean, makina osoak hartzen du kolpea. Horregatik, goma bat jarriko diot txingudearen azpian, kolpe hori leuntzeko». Azkenik, mailua eusten duen besoa pixka bat okertu nahi du; kolpea, zuzen, goitik beherakoa izan beharrean, pixka bat aldamenekoa izateko.

Joxe Gabirondoren iritzia

Joxe Gabirondo segalari ohia egun gazteekin aritzen da erakustaile lanetan. Makina ikustera gonbidatu zutenean Juangi-ren etxera joan zen, Lizartzara. «Duela pare bat hilabeteko kontua izango da. Egia esan, txundituta geratu nintzen. Beste inon ikusi gabeko zerbait da». Gazteluarra bera aritzen da sega pikatzen, gaztetxoentzat. Makina horrekin izugarrizko lana kenduko luke gainetik. Juangi-k, ordea, etxekoa ez dauka salgai. Hori bai, norbaitek berdina egin nahiko balu, lizartzarrak ez luke inolako arazorik jarriko. Ikusi nahi duenak, berriz, hurrengo aukera Amezketan izango du, azaroaren 18an.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!