«Ea lau t’erdikoaren aurkezpenean egoteko moduan naizen»

Asier Imaz 2018ko ira. 26a, 09:50

Ekaina amaieran hartu zuen min Erik Jakak (Lizartza, 1994) eskuin besoan. Aste hau erabakigarria izango da itzulera data zehazteko.

Azkenean uda guztia geldirik egon behar izan duzu.
Lesioa zer zen jakin genuenean markatutako denboretan ibili naiz. Gutxienez bi hilabete izango zirela esan ziguten, baina normalean hiru edo lau izaten zirela. Hiru pasa diren honetan jokatzeko moduan egongo naizela ematen du.

Pilotariek asko ibiltzen duten giharrean hartu zenuen min.
Lesio bera izan duten pilotari askorekin aritu naiz hizketan, eta denek gauza bera esan didate: pazientzia handia izateko eta behar baino lehen ez hasteko. Gihar horrek duen txarrena berrerortzeko arriskua da.

Lesioak beti etortzen dira momentu txarrean, baina zure kasuan, joko bolada oso on batean zinenean etorri zen, eta jokatzea horrenbeste desio zenuen Altuna III.aren aurkako partidan.
Alde horretatik ez dut zorte gehiegi izan profesionaletan. Bi lesio larri izan ditut. Lehena, orkatilakoa, momentu oso onean nengoenean izan nuen. Orain ere joko maila oso onean nengoela uste dut, puntako pilotarien aurka lehiatzeko moduan. Horrela tokatu da eta uda jokatu gabe pasa dut. Baina espero dut ahalik eta hobekien itzultzea, eta jokoa berreskuratzea eta hobetzea.

Hiru hilabete horiek nolakoak izan dira?
Buruz oso gogorrak, batez ere lehen hilabetea. Ezin nuen ezer egin. Bigarrengoan fisikoa eta eskuak lantzeko aukera izaten duzu gutxienez. Azken hilabete honetan frontoi pixka bat sartzeko aukera eduki dut, eta azken bi asteetan ehuneko ehunean ez baina entrenamenduak sartzen joan naiz.

Aste hau erabakigarria izango da asteburuan itzuliko zaren edo ez jakiteko.
Asteartean –atzo– entrenamenduan proba bat egingo dut. Sentsazio horien arabera ostegunean beste bat egingo dut. Orduan erabakiko dut enpresarekin hitz eginda asteburuan jokatu edo ez. Ea hurrengo astean lau t’erdiko txapelketaren aurkezpenean egoteko moduan naizen.

Enpresatik zer esan dizute txapelketa horri begira?
Presiorik ez didatela sartu nahi. Berez nirekin kontatzen zutela, baina ehuneko ehunean ez baldin banago, nire burua ez badut baldintza egokietan ikusten, ondo jarri arte ez naiz hasiko, eta binakakorako zentratuko naiz.

Uda geldirik egon zara, baina pilotak jarraitu egin du. Zer egin zaizu deigarria?
Partida eta txapelketa batzuk jarraitu ditut, baina inbidia handia pasatzen da. Lagunekin ere hitz egiten ibili naiz, eta uda nola doan era batera edo bestera beti enteratzen zara. Iñaki Artolak egin duena aipagarria dela uste dut, baina Jokin Altunarena ere. Partida gehien jokatu dituen pilotaria izango da. Horrez gain, Ezkurdiaren maila ere azpimarratuko nuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!