«Oso gustura» Mendiz Mendi Etxera ibilaldiarekin

Imanol Garcia Landa 2018ko irailaren 22a

Antolatzaileak "oso pozik" daude, guztira 446 partaide izan baitira antolatu dituzten lau mendi ibilaldietan. Bazkaltzeko 506 pertsona elkartu dira.

Nagore Esnaola antolakuntzako kideak azaldu duenez, "guretzat sekulakoa da hainbeste mendizale bertan izatea. Egunean bertan jende ugarik eman du izena, eta eguraldiak ere lagundu du horretan". Aurten berritasuna 10 kilometroko ibilaldia izan da, gaztetxoei begira antolatua, eta bertan 71 mendizalek parte hartu dute. 35 kilometrokoan 89 mendizale izan dira, 18 kilometrokoan 137, eta 3 kilometrokoan 149 mendizale.

Aitor Agirrebarrena eta Gari Etxeberria preso lizartzarrei eta euren senideei elkartasuna adierazteko, eta dispertsioak sortzen dituen gastuei aurre egiten laguntzeko antolatu dute mendi ibilaldia. Aurtengoa laugarrena da, eta Esnaolak Lizartzako herritarrek erakusten duten inplikazioa nabarmendu du: "Jende asko behar da hau dena antolatzeko, eta dena auzolanean egiten da. Herritarrek bere egutegian markatzen dute egun hau eta eskertzekoa da jasotako laguntza guztia".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!