Lizartzako IV. Mendiz Mendi Etxera mendi ibilaldia, irailaren 22an

Ataria 2018ko uzt. 24a, 15:19

Mendiz Mendi Martxako artxiboko irudi bat.

Aurten ibilbide gehiago jarri dituzte aukeran, gazteei zuzendutakoa eta familia giroan egin ahal izango dena.

Lizartzako IV. Mendiz Mendi Etxera mendi ibilaldiak aurten, bi aukera berri eskainiko ditu; gazteei zuzendutako 10 kilometroko ibilbidea eta familia giroan txikiekin egin ahal izango den 3 kilometroko ibilbidea. Haurrek ere kontrol txartela izango dutela esan dute antolatzaileek, eta gazteei zuzendutakoan komeni dela helduek ere parte hartzea. Gainontzean ibilbide luzeak 35 kilometro izango ditu 2.200 metroko desnibel positiboarekin eta ertainak 18 kilometro izango ditu, 1.100 metroko desnibel positiboarekin.

Lau ibilbideetan hainbat kontrol gune jarriko dituzte jatekoa eta edatekoa jarriz. Aurreko urteetan bezala aurten ere mendizale zein herritarrentzat arroza prestatuko dute eta umeek makarroiak izango dituzte. Parte hartzaile guztien artean opariak zozkatuko dituzte eta umeek euren txokoa ere izango dute, puzgarri zein ohe elastikoekin.

Mendi ibilaldia irailaren 22an izango da eta helburua urterokoa da: «Lizartza eta ondoko parajeez gozatzeko aukera izateaz gain bertakoak diren baino preso dauden herritarrak eta euren senideei elkartasuna azaltzea».
Izena www.kirolprobak.com webgunean eman ahal izango da eta Lizartzako plazan ere eskainiko dute aukera irailaren 14, 17, 19 eta 20an, 20:00etatik 21:00etara.

Ibilbideak
Ibilbide luzea aukeratzen dutenek 16 urtetik gora izan beharko dute, 20 euro ordaindu beharko dituzte eta
9 kontrol gune izango dituzte ; ibilbide ertainekoek 14 urtetik gora izan beharko dute, 15 euro ordaindu beharko dituzte eta 6 kontrol gune pasa; gaztetxoek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta Lizartza-Otsabio-Lizartza ibilbidea egin beharko dute; eta familia giroko ibilbidean helduek 10 euro ordaindu beharko
dituzte eta haurrek 5.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!