Albiste «pozgarriekin» dator Naparra oroitzeko ekitaldia

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko eka. 14a, 10:17
Iazko ekitaldian ateratako argazkia.

Herritarrek Joxe Miguel Etxeberria Alvarezen desagerpena gogoratzen dute urtero familiak Lizartzan duen Igarola baserrian; igandean izango da, 12:00etan.

38 urte bete ziren astelehenean Joxe Miguel Etxeberria Alvarez Naparra azkenekoz ikusi zutela, eta ordutik, urtero-urtero, desagerpen hori ez ahazteko ekitaldia egiten da familiak Lizartzan duen Igarola baserrian, data horren bueltan. Aurten igandean egingo dute, hilaren 17an, 12:00etan hasita. Eneko Etxeberria anaiak esan duenez gogorra da 38 urte pasatzen ikusi izana inongo informaziorik gabe, «ekainaren 11ren bueltan ekitaldia egiten dugu urtero, gogoratzeko anaiarekin zer egin zuten». Igarola baserrian egiten dute ekitaldia, familiaren Iruñeko lagun batek 1983. urtean egindako monolitoaren inguruan.

Aurtengo ekitaldia albiste «pozgarriekin» iritsi da eta familia itxaropentsu dagoela esan du anaiak. «Paco Etxeberriak egindako txosten teknikoaren arabera anaia bi lekutan egon liteke, baina batean aukera gehiago ikusten zituen. Frantziako epaitegiak bestean bilatzea erabaki zuen, eta zorionez bigarren horretan ere bilatuko dute datozen hilabeteetan. Instrukzioa 18 hilabetez luzatzea ere erabaki dute eta gure beste eskaera bat ere onartu dute: gorpua non egon liteken jakiteko informazioa eman zuen CESIDeko kide ohia deklaratzea deitzea». Auzitegi Nazionalak jada erreguzko mandatua egin du eta Landetako epaitegira bidali du bigarren bilaketa hori egiteko eskaera. «Iaz egindako indusketa horretan ez zuten ezer aurkitu eta beldur ginen ez ote zuten auzia itxiko. Horregatik aurkeztu genuen helegitea. Azken albisteekin harritu ere egin ginen, baina oso pozik gaude». «Ederra izan da», gaineratu du. «Instrukzioa luzatu izana oso berri pozgarria da, gure eskaeretako bat zen eta lortu dugu. Egia da epeak luzatzen direla berriz ere eta nekagarria dela, baina 38 urte itxaron eta gero, urte eta erdi ez da ezer».

Naparraren senitartekoak pozik daude azken albisteekin eta aurrera begira daude jada; «ea bigarren bilaketa hori egiten duten eta anaiaren gorpua berreskuratzen dugun eta etxeratzen dugun behingoz».

BERRIREKITZEA

Naparraren senitartekoek auzia ixteko arriskua ikusi zuten martxoan. Ismael Moreno epaileak auzia itxi nahi izan zuen, baina familiak diligentzia berriak irekitzeko eskatu zuen, eta halaxe egiteko agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Azken albiste horiekin 2016an zabaldutako ikerketa lerroa irekita jarraitzen duela baieztatu ahal izan du Naparraren familiak eta Auzitegi Nazionalak eta Mont de Marsango Instrukzio Auzitegiak egin behar dituzten izapideen zain daude.

1980ko ekainaren 11tik ez dago Naparraren berririk. Komando Autonomo Antikapitalistetako kide zen, eta egun horretan hitzordu bat zuen Ziburun (Lapurdi); ez zen agertu. BVE Batallon Vasco Español talde paramilitarrak bere gain hartu zituen haren bahiketa eta hilketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!