Naparra-ren senideen eskakizunak aintzat hartu ditu Auzitegi Nazionalak

Ataria 2018ko maiatzaren 15a

Paco Etxeberria, Eneko Etxeberria eta Iñigo Iruin, aurreko agerraldi batean.

Atzo aurreratu zen albistea: Joxe Migel Etxeberria 'Naparra' zenaren familiak jarritako helegitea onartu du Auzitegi Nazionalak. Gaur prentsa agerraldia egin dute senideek, Iñigo Iruin abokatuak eta Pako Etxeberria forentseak.

Espainiako Auzitegi Nazionalak Joxe Migel Etxeberria Naparra zenaren gorpua berriz ere bilatzeko agindu du. Naparraren senideen abokatuak, Iñigo Iruinek, eman zuen albistea atzo, eta gehitu zuen berak jarritako helegite bat onartuta erabaki duela auzitegiak bigarren bilaketa bat egitea. Izan ere, iazko apirilean egin zuten lehen bilaketa Mont de Marsan (Landak) inguruan, baina ez zuten ezer aurkitu. Bilaketa hori eta gero, Ismael Moreno epaileak auzia artxibatzea erabaki zuen.

Zehazki martxoan itxi zuen auzia, Morenok, baina familiak auzia ez ixteko eta diligentzia berriak irekitzeko eskatu zuen. Horiek horrela, Auzitegi Nazionalak bigarren bilaketa hori egingo du eta familiaren beste eskaera bat ere onartu du; Naparraren gorpua egon daitekeen bi lekuen berri eman zuen CESIDeko kide ohi Arnau de la Nuez deklaratzera deitzea. Hori, dena den, zaila izango dela onartu zuen atzo, Iñigo Iruinek, leku ezezagunen batean baitago, Guardia Zibilak esan duenez.

Iruin pozik azaldu zen auzitegiaren erabakiarekin, horrek familiari arrazoia ematea ere badelako. «2016an zabaldutako ikerketa lerroa ez dago agortuta», esan zuen. Oraindik ez dakite bilaketa berria noiz egingo den, Auzitegi Naizonalak eta Mont de Marsango Instrukzio Auzitegiak egin behar dituztelako izapideak.

Eneko Etxeberria Naparraren anaia pozik azaldu zen berriarekin, «jarraituko dugu aurkitu arte», esan zuen.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!