Naparraren gorpua berriro bilatzea agindu du Auzitegi Nazionalak

Ataria 2018ko maiatzaren 14a

Auzitegi Nazionalak Jose Migel Etxeberria Naparra-ren familiaren errekurtsoa onartu du eta gorpua bilatzeko eskatu dio Frantziari. Familiako abokatuak, Iñigo Iruinek, emango ditu azalpen gehiago, bihar deitu duten prentsaurrekoan.

Urtea pasa da Frantziako Gendarmeriak Mont de Marsan inguruko paraje batean Jose Migel Etxeberria Naparra-ren gorpua bilatu zuenetik. Ez zuten ezer topatu.

Iñaki Errazkin kazetariak CESIDeko kide ohi batek emandako informazioari tiraka iritsi ziren hara, 2016an, eta horiek ikusita Pako Etxeberria forenseak gorpua bi lekutan egon zitekeela ondorioztatu zuen. Auzitegi Nazionalera eraman zuten informazioa, eta Ismael Moreno epaileak kasua berriz ere irekitzea erabaki zuen urte horretan bertan. 2004tik zeraman artxibatuta kasuak.

2017ko apirilean, Frantziako justiziarekin harremanetan jarri eta bilaketari ekin zioten, baina leku posible horietako bakarrean. Bigarren lekua ez zuten ukitu ere egin, eta bigarren lekua ere aztertzeko eskaera egin zuten senideek Auzitegi Nazionalean.

Bada, helegitea onartu dute  eta berriro ere bilaketa abiatzeko eskatu dio Auzitegi Nazionalak Frantziari. Autoaren arabera, 2017an ikertu ez zen Landetako lursaila aztertzeko agindu dute. Era berean, beste eginbide bati ere helduko diote, izan ere, CESIDeko ustezko kide ohia deklaratzera deitzeko galdegin zuen familiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!