Egun osoko jaia, Txirritaren 40. urteurrena ospatzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko maiatzaren 8a

Apirilaren 21ean egindako bertso afariko irudia. ATARIA

Pasa den hilabetean bertso afari bat egin zuten eta larunbatekoarekin borobilduko dute Lizartzako elkartearen urteurrena, «larunbat arrunt bat ezberdin» bihurtuz.

Herrigintzan oinarritzen den elkartea da Lizartzako Txirrita. 40 urte dira sortu zutela eta orduko ikurrak bizirik dirautela diote elkarteko kideek, hau da, auzolana eta herritarren arteko harremana. Herriko familia eta lagun talde ia guztietan egongo da bazkideren bat, baina urteurren borobileko ospakizuna elkarteari bakarrik lotu ordez, herrira ere zabaldu nahi izan dute, egun osoko jaia antolatuz.

Hori dela eta, bazkaria elkartean bertan egingo dute, baina gainontzeko ekitaldiak herrian zehar egingo dituzte, jaia Lizartzako erdigunera zabalduz. 1978. urtean, elkartea ireki zutenean, bazkaria egin zuten, eta ohiturari eustea erabaki dute. Eguna, dena den, kalejira batekin hasiko dute. Isk&bila txarangak girotuko du herria 12:30etik aurrera; elkarte ingurua eta plaza alaituko dituzte. Bazkaria eta gero, 18:00etan, toka txapelketa egingo dute plazan, eta 20:00etan parrilla jarri eta barrikotea egingo dituzte, plazan, herritar guztiei irekita.

Egun osoko jaiaz gain, pasa den hilabetean bertso afaria egin zuten Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolariekin, garai batean egiten zuten bertso afaria berreskuratuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!