«Azken urte eta erdian oso gustura nabil»

Asier Imaz 2018ko apirilaren 13a

Mendizabal III.a 6 tantorekin utzi zuen kanporaketa aurreko partidan Erik Jaka lizartzarrak. Buruz buruko txapelketako final-hamaseirenetan Lasoren aurka jokatuko du, bihar, 17:00etan, Iruñeko Labrit pilotalekuan.

Irribarria eta Ezkurdiaren multzoa tokatu zaio Erik Jakari (Lizartza, 1994). «Urrutira» begiratu aurretik, ordea, Unai Lasori irabazi beharko dio.

Zer moduz joan da (atzo) pilota aukeraketa?

Oso gustura. Ni ez nago ohituta horrenbeste pilota onen artean aukeraketa egitera, beraz, nire aldetik ez da inongo aitzakiarik.

Kanporaketa aurrekoa irabazita sartu zara. Txapelketan egotearekin gustura, ezta?

Urtean zehar nik aukera gutxi izaten ditut horrelakoak jokatzeko, eta aprobetxatzen jakin dut. Nire ustez, udaran Ardoaren Desafioan ondo jokatu nuelako eduki dut aukera hau. Txapelketan egotea sari bat da, eta ea partidaren bat edo beste irabazteko aukera dudan.

Mendizabal III.aren aurka txisparekin ibili zinen.

Ondo sentitzen naiz. Ez orain bakarrik, azken urte eta erdian oso gustura nabil nire mailarekin eta bilakaerarekin. Buruz burukoan, ordea, ez dago huts egiterik. Partida batean dena jokatzen duzu, eta egun txarrak denok izaten ditugu. Zumaian egun ona izan nuen, eta egin beharrekoak oso ondo egin nituen. Nire asmoa larunbatera begira hori errepikatzea da. Gauzak horrela eginez gero, irabazteko aukeraren bat izango dudala uste dut.

Unai Laso izango da aurkaria. Egunen batean zeresana emango duen pilotaria izango dela dirudi.

Irujoren hainbat gauza gogoratzen dizkit niri. Izugarrizko ezaugarriak ditu banakakorako, eta oso partida gogorra izango delakoan nago. Nire armak ondo-ondo erabiltzen baldin baditut, ordea, aukerak izango ditudala espero dut.

Tokatu zaizun multzoari asko begiratu al diozu?

Ez daukat urrutira begira egoterik, ez nik eta ez inork. Bakoitzak berean zentratu beharra dauka. Argi dagoena da larunbatean irabazten duenak Ezkurdiaren aurka oso zaila izango duela, eta zer esanik ez Irribarriaren aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!